inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Min dardara

2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kanaria uharteetan desagertuta zeuden bi haurretako bat hilda agertu izanak min dardara sakon bat eragin du Espainiako iritzi publikoan, eta Hego Euskal Herria ez da horretatik bereiz geratu. Bi haurrak euren aitak hil dituela jakiteak baieztatu ditu susmorik okerrenak, eta berretsi ikertzaileen hipotesi nagusia: hots, haien amari min emateko hil dituela gizonak haurrak, krimen matxista askotan ohikoa den moduan.

Irune Costumerok Bizkaiko Diputazioaren aurka jarritako salaketari buruzko auziaren astean heldu da kasu gogor horren albistea. Eta ezin toki txarragoan utzi ditu Costumerori bere alabaren zaintza kentzea erabaki zuten diputazioaren adingabeen zerbitzuko arduradun eta funtzionarioak.

Costumerok ere tratu txarrak salatu zituen bere bikotekidearen aurka, baina alabaren zaintza kendu zioten inon onartuta ez dagoen gurasoen alienazioaren sindromeak jota zegoela ebatzita. Haurrak argi erakutsi izan du amarekin egon nahiago zuela. Eta horrek mahai gainean jartzen du beste galdera bat: nork entzuten die adin txikikoei? Estatuak zaindu egin behar ditu adingabeak, babesa eta segurtasuna bermatuz. Gurasoek —aitek, kasu gehienetan— ustez dituzten zaintza eskubideekin itsututa, oinarrizkoa ikusteko gaitasuna galtzen dute justiziak eta instituzioek batzuetan: haurren eskubideak. Hori nekez gertatuko litzateke euren jarduera genero berdintasunean oinarrituko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.