Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Tenkatzen

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Carles Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek jakinarazi du Puigdemont Sardinian atxilotu zutenean Espainiako Polizia ere han zela. Hainbat iturriren arabera, Europako Batasunak hegaldietan egiten duen zelatatzearen ondorio izan da atxiloketa. Alegia, Puigdemontek hegazkina hartu zuenean, haren kontrako atxilotzeko agindua dagoen seinalea jaso zuen Italiak, eta atxilotzera jo zuen. Iturri berberen arabera, ostegunean, 19:00ak aldera Italiako Poliziak abisu eman zion Espainiakoari Puigdemont atxilotzekoa zela, eta, beraz, pentsatzekoa da Barne ministroa jakinaren gainean egongo zela. Eta hala gertatu ez bazen, Espainiako poliziaburuak ez esatea erabaki zuelako izango da.

Baina atxiloketa eragotz zezakeen Espainiak? Zergatik erabaki du Italiak, gutxienez Espainiako Poliziaren jakinaren gainean, juridikoki batere argi ez dagoen atxiloketa hori egitea? Eta zergatik ez zuten atxilotu, adibidez, joan den astean Parisen izan zenean?

Autodeterminazio erreferendumaren urteurrena datorren astean da, eta politika orokorrerako eztabaida dute Kataluniako Parlamentuan; preso katalanei emandako amnistia partzialak hautsak harrotu ditu; Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak osatutako mahaiak nabarmen utzi ditu aurretik ere ezagunak ziren abertzaleen arteko ika-mikak. Atxiloketaren arrakasta argi ez egonda, zein da Puigdemont atzematearen atzean ezkutatzen den operazioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.