Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Doazela adituak pikutara

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Greziako gobernuak 3.300 milioi euro gastatu berri ditu Rafale modeloko 24 gerra-hegazkinetan. Frantziari erosi dizkio; hamabi berri eta bigarren eskuko beste horrenbeste. Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak ez du gastu zentzugabe hori ezkutatu nahi izan, eta, horrez gain, propaganda kanpaina bat antolatu du, besteak beste, hegazkinak prentsaren aurrean aurkeztea, Atenas gainetik sestra-hegaldiak egitea herritarrek hegazkinak ikus ditzaten eta iragarkiak telebistetan eta sare sozialetan. «Ehiza-hegazkin berriek aireko indar heleniarra Mediterraneoko indartsuenetako bat bihurtzen dute, eta defentsa greko-frantsesaren aliantza ixten dute», nabarmendu zuen Mitsotakisek Tanagrako aire-basetik, Rafaleak lurreratu ziren lekutik.

Pandemia betean egindako gastu militar handi horrek Turkiarekiko lurralde-gatazka elikatzeko balio du. Duela hamarkada batzuetatik, Greziak hamabi itsas miliaraino zabaldu nahi ditu bere lurralde-urak, 1982ko Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioari jarraiki. Greziak hori egingo balu, Turkiako kostalde subiranoa murriztuko luke, eta, de facto, mendebaldeko kostaldeko itsasorako ia irteera guztiak galduko lituzke Turkiak. 1995ean, Turkiako Parlamentuak Greziari ohartarazi zion bere lurralde-urak hamabi miliatara zabaltzea gerra-ekintzatzat hartuko zuela, eta horri erantzungo ziola.

Hilabete gutxiro, Turkiako ministroren batek gogorarazten du ebazpen horrek indarrean jarraitzen duela. Turkiak, berriz, urteak daramatza petrolio bila, Greziak gaur egun duen plataforma kontinentalean. Gas naturalaren esplorazio turkiarraren eztabaida Rodas eta Castelorizo uharte greziarren aurrean gertatzen da, Mediterraneo ekialdean, eta baita Zipren ere. Turkiak Zipre iparraldea okupatzea Greziaren eta Turkiaren arteko beste gatazka bat da. Hori horrela delarik, Aurrekontuetan Defentsari garrantzi handiagoa emateaz gain, Mitsotakisen Gobernuak derrigorrezko soldadutzaren iraupena bederatzi hilabetetik hamabira luzatu du, indar armatuetan erabilgarri dagoen giza kapitala handitzeko.

Greziako eta Turkiako hedabide nagusien arabera, alde bateko eta besteko mehatxuak oso serio hartu behar direla diote adituek. Dirudienez, deseskalatzearen aldeko apustua egitea eta bi aldeetan gastu militarra murriztea haurren eskaera da, eta ez da batere serioa. Grazia egiten dit militarismoa justifikatzeko heldutasunera jotzeak. Gerrarako armak erostea erantzun helduagoa eta arrazionalagoa balitz bezala, elkarrizketarako mahaian eseri beharrean.

Okerrena da horrelako adituak ez daudela Grezian eta Turkian bakarrik. Espainian perretxikoak bezala sortzen dira, Egeotik mila kilometro eskasera dagoen beste gatazka bati buruz iritzia emateko: Errusia-Ukraina balizko gerra Donbassen. Gaur aditu bat irakurri dut gerrari ezetz esaten diotenei seriotasuna eskatzen. «Ezin da kanpo-politika seriorik planteatu hain diskurtso sinplistak eta nazioarteko errealitatetik hain urrun dauden esaldiak erabiltzen badira», aditu horren hitzetan. NATOren inbasioa justifikatzea da serioena, eta bide diplomatikoen nagusitasuna eskatzea ez da serioa, antza.

Horrelako adituak hain serioski aztertzen dituzten nazioarteko gatazka horietatik gertu ez ditugu inoiz ikusten. Izan ere, ez ditugu beste inon ikusten, beren bulegoan edo telebistako platoetan izan ezik. Benetan, gauza bakarrean dira adituak: beste aditu batzuk irakurtzen. Beren expertisa gerren zerbitzura jarri ondoren, esango digute ez dela serioa muga irekitzea gerra horietatik ihes egiten duen jendearentzat. Haien analisi serioak beti datoz bat arma-merkatariek nahi dutenarekin. Horregatik, ondo legoke aditu horiei gerrak hainbeste gustatzen bazaizkie, gerrara beraiek joatea. Eta, bestela, joan daitezela pikutara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.