Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Memoriaren ekuazioa

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Azaroaren 10a Memoriaren Egun izendatu zuen PatxiLopezen gobernuak 2010ean, ETAren biktimarik egon ez zen egutegiko egun bakarra zela argudiatuta. ETAren biktimei begira bakarrik antolatu zuten lehen urte hartan, eta 2011n gerra zikinaren eta gehiegikeria polizialaren biktimak ere sartu zituzten omenduen multzoan. Haatik, hamar urteren buruan, euskal gatazkaren biktima guztiak omenduko dituen egun konpartitu batek urruneko ametsa dirudi oraingoz.

Ez da inoiz konpartitua izan biktima guztiak omentzeko egun bat, beti egon izan dira zatiketak, bakoitzak bere aldetik antolatutako omenaldiak, biktima batzuk besteen gainetik jartzen dituzten ekitaldiak... Hain da nabarmena zatiketa, non egun ezberdinetan ospatzen duten bateko eta besteko gobernuek ere.

Nire biktimak eta zure biktimak konparatzeko ekuazioa norgehiagoka politikorako tresna gisa erabiltzen den artean, nekez egongo da benetako Memoriaren Egun bat Euskal Herrian. Bestearen sufrimendua norberarenarekin konparatu eta bestearena gutxietsi beharrean, parekatu eta partekatzea izan daiteke bidea, ez gainetik jartzea.

Gatazkaren errelatoa egin eta orrialdea pasatu nahi bada, ezinbestekoa da orri guzti-guztiak jasotzea. Errelatoa ez da osatua egongo orrialde batzuk ezabatzen jarraitzen den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.