Daniele Nardi eta Tom Ballard

Ametsa edo ezinezkoa

Nanga Parbat neguan eta Mummery ezproi arriskutsutik igo nahian hil dira Daniele Nardi eta Tom Ballard, ibilbide oso ezberdineko baina mendiarekiko obsesioak berdindutako bi alpinista.

Tom Ballard eta Daniele Nardi, Nanga Parbaten.
jakes goikoetxea
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Elur, izotz eta haitzez egindako amets batek eraman ditu Daniele Nardi eta Tom Ballard alpinistak. Nanga Parbat (Pakistan, 8.125 metro) neguan igotzen saiatzen ari zirela hil dira, elur jausiek harrapatuta. Otsailaren 24tik ez zuten haien berririk, eta Alex Txikonek eta haren taldekideek baieztatu zuten —K2tik joan ziren laguntzera— Mummery ezproian ikusi ahal izan zituzten bi puntu ilunak Nardiren eta Ballarden gorpuak zirela. Nanga Parbat igota dago neguan —Alex Txikonek, Ali Sadparak eta Simone Morok lortu zuten 2016an—, baina Daniele Nardik bazuen obsesio bat, menditzarra Mummery ezproi ikusgarri bezain arriskutsutik igotzea, Diamir isurialdean.

Amets batek eraman ditu Daniele Nardi eta Tom Ballard. Beste kontu bat da ametsa gauzagarria zen edo ez. Izan ere, orain artean inork ez du lortu Nanga Parbat Mummery ezproitik igotzea. Eta bada handik saiatzea auzitan jarri izan duenik ere. Simone Morok, esaterako. Badaki zertaz ari den, bereak baitira hamalau zortzimilakoetako lauren neguko lehen igoerak: Shisha Pangma, Makalu, Gasherbrum II eta Nanga Parbat.

Morok ez du auzitan jarri Nardiren eta Ballarden gaitasun teknikoa, baina nabarmendu du ohi baino arrisku gehiago hartzea erabaki zutela, eta bazekitela beste bide batzuetatik saiatuta baino hiltzeko arrisku handiagoa zutela. «Mummery ezproiko bidea suizidiotik gertu dago», esan dio Desnivel.com webguneari. «Lau alditan egon naiz Nanga Parbaten azpian, eta egunero ikusi nituen Mummery ezproitik erortzen ziren elur jausiak... Horrek beldurra ematen du. Horregatik ez nintzen inoiz saiatu».

Kontraste handiko bikotea osatzen zuten. Nardik eskarmentu handia zuen zortzimilakoetan eta neguko saiakeretan; Ballardek, berriz, oso eskalatzaile eta alpinista ona izanda ere, lehen zortzimilakoa zuen.

Nardik eginak zituen hamalau zortzimilakoetatik bost. Urrezko Pioleta jasotzeko hautagai izan zen zenbait urtetan. Bide berriak zabaldu zituen Indian, Pakistanen eta Europan, Monte Rosan.

Neguko igoeretan zentratu zen azken urteetan. Bost negu luze egin zituen Nanga Parbaten, 2013tik 2016 artekoak eta aurtengoa. Ezagutzen zituen mendia eta haren arriskuak. 2016an Alex Txikonekin batera joan zen, baina ez ziren ondo konpondu, eta Nardik espedizioa utzi zuen. Txikonek eta taldekideek neguko lehen igoera lortu zuten.

Nardi ez da bakarra. Nanga Parbat obsesio izan da beste alpinista batzuentzat ere. Tomas Mackiewicz Tomek poloniarrarentzat, esaterako. Zazpi negu egin zituen bertan. Iaz hil zen.

Ama eta semea

Tom Ballarden eta haren familiaren istorioa berezia da. Alison Hargreaves ama K2tik jaisten ari zela hil zen, duela 24 urte, eta Nanga Parbat igotzen ari zela hil da semea. 33 urterekin hil zen ama, 30ekin semea.

Hargreaves izan zen Everest oxigeno artifizialik eta xerpen laguntzarik gabe igo zuen lehen emakumea. Hiru hilabete geroago hil zen K2an, ekaitz batek harrapatuta. «Alison Hargreaves izan zen, zalantzarik gabe, sortu genuen alpinistarik onena». Losintxa ez da edonorena. Chris Boningtonek esana da.

Ballardek 6 urte zituen ama hil zenean. Amaren heriotzak baldintzatu zituen haren ibilbidea eta etorkizuna. Alpinista izan nahi zuen. Ez nolanahikoa. Amaren bideari jarraitu zion. Mendiak igotzea zuen helburu bakarra. Bitartean, aitarekin bizi zen, furgoneta batean, Dolomitetako kanpaleku batean.

Nerabea zela, espedizio bat antolatu nahi izan zuen K2ra, neguan igotzeko —neguan igo gabe jarraitzen duen bakarra da, Txikonen taldea ari da hura igo nahian—.

Hargreaves izan zen Alpeetako sei ipar aurpegi ezagunenak bakarrik eta denboraldi bakarrean igo zituen lehen alpinista: Cima Grande di Lavaredo, Eiger, Grandes Jorasses, Matterhorn, Petit Dru eta Piz Badile. 1993a zen. Ama K2an hil eta hogei urtera, Ballardek amaren lorpena errepikatu zuen, baina neguan. Ballard ere, amaren moduan, hori lortu zuen lehena izan zen.

Ameslariak hil dira. Ametsak edo ezinezkoak bizirik jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.