begona del teso
IRITZIA

Roy eta Cesar, bi izarren artean behaztopa

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Beste aukerak hamaika ziren gau hartan gure etxe barruko zinema saloietan. Eta ez nolanahikoak. David Lynch bera etorria zen tentari. Hilaren 20an estreinatu zuen, debalde, bere YouTubeko kanalean, 2015ean filmatua izan arren oso gutxitan plazaraturiko Fire (Pozar) izena duen laburra. Berak sortua, berak marraztua, berak zuzendua. Aspaldian kolaboratzaile duen Noriko Miyakawak animatua, Fire hori animaziozko zinema puska baita; antzinako erara bizitzara ekarritako marrazkiak, izan ere.

David Lynchen proposamena kontuan hartzeko modukoa zitzaigun, eskertzeko oparia. Eraserhead-en eta Blue Velvet-en maisuaren hamar minutu horietan, punta lodiko lapitz beltzez marraztutako animaliek eta arbolek dantza tristea egiten dute pertsonaia misteriotsu batek isiotutako paisaia ezohikoan, txotxongiloentzako agertoki dirudien labe batean.

Bai, estimatzekoa zen Daviden erregalua. Eta soinu banda Marek Zebrowskik sortua zela jakin orduko gehiago estimatu genion eskaintza, sekula ez baitugu ahaztuko biek elkarrekin sortutako Polish Night Music hura. Bertan, Poloniako kale, plaza, lantegiek soinu ilunez egiten zuten gainezka.

Izan bagenuen, bai, Lynchek, Marekek eta Norikok luzaturiko tentaldian erortzeko beta paregabea arrats hartan.

Bagenuen ere planeta honetan arrisku bizian diren irudigile guztien aldeko aldarrikapen sutsu batera elkartu beharra: Egiptoko kartzela batean hil berri da (dute?) Shady Habash zuzendaria, eta leku askotatik egin dute oihu pantaila orotan bere galera krudela salatzeko.

Zergatik espetxeratu zuten? Ondo baino hobeto dakigunez, gobernuek ez ohi dute azalpenik eman, baina egiptoarrek ez dute duda izpirik: sareetan ikusgai den Ramy Essam musikariaren azken bideoklip ikusgarriak ez die grazia izpirik egin agintariei. Izan ere, Ramy, Tahir plazako manifestazio eta kontzentrazio haietako ahotsa (rock-hardcore ahotsa) izan zen, eta gaur boterean daudenek ez dute ez ahazten ez barkatzen. Essamekin juntatzen diren denak susmagarriak dira. Horrexegatik sartu zuten kartzelan Shady. Eta Balahah izenburuko abesti erritmo eta amorru biziko horri irudiak jartzeagatik hil egin da (dute?) bertan.

Ez, ez ziren baztertzeko modukoak arrats hartako tentazioak, baina bazen berdinik, konparaziorik ez zuen hirugarren bat: Roy Andersson zinemagile suediar zehaztuezinarenSånger från andra våningen (2000) zain genuen Filmin plataformaren katalogoaren azken-aurreko izurrean erdi galduta, ezkutuan.

Eta guk, esploratzaile kementsuok, patuak gure aurrean jarritako erronka zoragarriari egin genion men. Gustu handiz. Dar-dar delizios batean. Eta aurkitu genuenak Lynchen beraren atrebentzia guztiak gainditu zituen.

Giza komediaren amaierarik izango ez duten arrangurak agertzen dira mugimendu bakar eta bakan bat onartzen duen kameraren aurrean. Giza Tragikomediaren auhen oro geureganatzen dugu plano konposizio aparta bezain dardarazlearen bitartez; barne mugimenduz beteriko mise-en-scene hieratiko batean, kolorgeak diren kolore zurbilek tindaturiko enkoadraketa orbanik gabean murgiltzen gara. Eta atera ezin. Eta gure burua salbatu nahi ez. Benetan diotsuet. Hain baita desiragarria eskainitako izotzezko infernu hori.

Oinarrian, Cesar Vallejo poetaren poema ezinbestekoa: Traspié entre dos estrellas. Bertan, hain zorigaiztokoak izanik, ezta gorputza ere ez duten horiekin akordatzen da txiletarra, eta agindu/eskaera egiten du ozen, hitz artegaz, lau haizetara: «Bedi maitatua euripean zapata zulatua duen hori!, urtebetetzerik ez duen hori! Sute batean bere itzala galdu zuen hori! Bedi maitatua falta duenarekin pagatzen duen hori! Bedi maitatua haurtzaroa gogoan ez duen hori!».

Roy Anderssonek Cesar Vallejori eskaintzen dio pelikula, Goya, Magritte, Kaurismaki eta beste hainbat azti perilos burura zein barrenetara erakartzen dizkiguten 98 minutu hauek, non hildakoek eta bizidunek estura bera partekatzen duten. Non argi guztiek amataturik diruditen. Non beste filmetan sekula aurkituko ez duzuen azken plano bat dagoen.

Hiru ziren arrats hartako tentaldiak. Hiruretan erori ginen. Eta arima zauri, begiak kolpe, bihotza min bete atera ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.