Europarako bidean segitu nahi du Realak; salbaziora gerturatu Eibarrek

Celta hartuko dute txuri-urdinek, ohiko distira berreskuratzeko asmoz. Mendilibarrenei asko zailduko zaie helburua Granadan irabazi ezean

Kike Garcia jaurtiketa bat egiten, Granadaren aurka, Ipuruan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Azken txanpan da Liga, eta, oraingoz, dena erabakitzeke dago. Inor gutxik bete du bere helburua. Reala Europan sartzeko xede horretan dabil buru-belarri lanean, eta Eibar, berriz, mailari eusteko borrokan. Batak eta besteak gaur dute partida, 21:00ean (La Liga): txuri-urdinek Celta hartuko dute Anoetan, eta armaginek Granadari egin beharko diote bisita.

Lehen itzuliko partidan 1-4 gailendu zitzaion Reala Celtari. Oso norgehiagoka erosoa izan zen txuri-urdinentzat, baina Imanol Alguacilek partida gogorra espero du, eta Galiziako taldeak azken hilabeteetan izan duen gorakada nabarmendu du: «Coudetek atzean falta zitzaien sendotasun hori eman die, eta aurrean gauzak oso ondo egiten dituzte, jokalari oso onak dituztelako».

Bere joko onenetik urrun da talde txuri-urdina azken partidetan. Ez du beste hainbatetan erakutsi duen distira hori izan, eta, gainera, emaitzek ez diote lagundu: azken bost partidetan bi puntu besterik ez du poltsikoratu. Taldearen egoerak, baina, ez dio loa kentzen Imanoli: «Bi urte daramatzagu Europan, Kopako finala jokatu dugu... Normala dagarai onak eta txarrak izatea». Realaren erizaindegiak beteta jarraitzen du. Moya, Zaldua, Ahien, Illarramendi, Merino, Silva, Sangalli eta Merquelanz jokatu ezinik daude.

Salbazioari begira

Sailkapenean azkena da Eibar, eta zulo beltz horretatik ateratzeko aukera du gaur. Horretarako, baina, Granadari irabazi beharko dio, mendean hartu zuen azken aurkariari. Jose Luis Mendilibarren taldeak hamabost jardunaldi daramatza irabazi gabe, baina Zaldibargo teknikariak ez du amore emateko asmorik: «Atletico Madrilen aurkako belarrondokoak esnatzeko balio behar digu». Espainiako taldea egiten ari den denboraldia nabarmendu zuen gipuzkoarren entrenatzaileak: «Oso talde lehiakoreta gogorra da; ez du ezer oparitzen. Gainera oso jokalari onak ditu».

Bryan Gil jokatzeko prest da, eta Mendilibarrek deialdian sartu du. Ez ditu eskuragarri Rober Correa, Muto eta Edu Exposito. Erabaki tekniko bat tarteko, etxean utzi du Sergi Enrich.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.