Athletic zulotik urrundu da, baina Eibar gero eta gertuago dago

Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Oso partida garrantzitsuak zituzten Athleticek eta Eibarrek atzo, Lehen Mailako 23. jardunaldiaren barruan. Jaitsiera lekuak atzean uzteko ezinbestekoa zuten garaipena biek, baina zuri-gorriek bakarrik lortu zuten hori, Eibarrek galdu egin zuelako. Athleticek Valentzia azpiratu zuen Lezaman (2-0). Yulema izan aurreneko golegilea, 15. minutuan, eta Ogiza bigarrena, atsedenaldia baino pixka bat lehenago. Hiru puntuekin atzoko aurkaria berdindu eta pasa egin du Athleticek sailkapenean. Bederatzigarren da orain.

Eibar, berriz, zuri-gorriek baino hiru puntu gutxagorekin geratuko da, Espanyolen aurka Unben galdu eta gero (0-1). Arnasa eman dio Bartzelonako taldeari, hiru puntura jarri zaiolako orain. Lombik sartu zuen gol bakarra, 35. minutuan. Eibar hamabigarren dago, gaurko partiden emaitzak gorabehera.

Reala-Sevilla gaur Zubietan

Realak gaur eguerdian dauka partida: Sevilla hartuko du Zubietan (13:30, Gol). Seigarren da Natalia Arroyoren taldea, eta oso bolada onean. Izan ere, azkeneko hiru partidak irabazi egin ditu. Emaitza on horiei esker, seigarren lekutik bi puntura begiratzen dio laugarren den Madrili, eta zazpira dauka hirugarrena, Real Madril, bi talde horien gaurko emaitzen esperoan. Sevilla ez du oso aparte tokiari erreparatuta, zortzigarrena delako; baina puntuetan koska dago, zortzi gehiago baititu Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.