KRITIKA. Musika

Intentzio garbia eta irudi lausoa

Arima Quartet taldea, artxiboko argazki batean. ARIMA QUARTET.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Arima Quartet

Musikariak: Jose Ignacio Lopez Garcia, Joonas Teppo (biolinak); Beltran Cubel Gajas (biola); Marta Podwysocka (biolontxeloa). Egitaraua: W. A. Mozarten 17. hari laukotea 'Ehiza', KV 458 eta J. Brahmsen 2. hari laukotea, op. 51-2. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Ekainaren 19a.

Donostia Musika elkarteak antolatutako Mozart-Brahms zikloan beste hitzordu bat izan zen igandean. Arima Quartet hari laukotea izan zen oraingoan, Helsinkiko Sibelius Akademian master ikasketak egiten ari diren gaztez osatuta, iaz Trondheimgo Nazioarteko Kamera Lehiaketan finalista suertatu zena. Bi konpositoreen ganbera musikan murgilduz, zehaztasun handia eskatzen duten bi laukote interpretatu zituzten.

1784an amaitu zituen Mozartek Joseph Haydni eskainitako sei hari laukoteak, gerora Haydn laukoteak izenaz ezagutu direnak. Lehen edizioaren eskaintzan argi geratzen da miresmena, bere «sei haurrak» plazaratuz Haydnek asmo onez hartuko dituela espero baitu. Jakin badakigu miresmenak bi noranzko zituela, Haydnek Wolfgangen aitari adierazi baitzion bere semea inoiz ezagutu zuen konpositorerik handiena zela. Ziurrenik, Ehiza ezizenaz iritsi zaiguna da guztietan ezagunena, lehen mugimendua irekitzen duen deiak piztuta. Arima laukoteko kideek interpretazio serioa eskaini zuten, tarteka zurruna. Allegro vivace assai-n dagokion alaitasun eta bizitasunaz jardun ziren, baina, oro har, norabiderik gabeko bidaia zirudien. Hala izan zen gainerako mugimenduetan ere, minuetaren trio dantzariaren zatia barne. Esaterako, dinamiketan oparoak izan baziren ere, zehaztasun faltak Allegro assai lausotu zuen.

Ostera, Johannes Brahmsen laukotean kohesio handian aritu ziren; hura 1873an eman zen estreinakoz, Mozarten laukoteak amaitu eta ehun urtera. Bere izaera puntalakurloaren ondorioz, Brahmsek hogei laukote suntsitu zituen opus hau osatzen dutenak ontzat eman baino lehen. Esan bezala, trinkotasunez ekin zion laukoteak Allegro non troppo-aren erritmo polifonikoari, eta Andante moderato-aren pasarte dramatikoan une ederrak izan ziren. Tamalez, kolorea galduz joan zen azken bi mugimenduetan; hirugarrenaren kanon bikoitzean zein Finale-aren kodan ere ezdoitasunak izan ziren, lurrunez betetako ispiluari begira egongo bagina bezala. Bazeuden, aldiz, intentzioa eta sen ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.