Non zabaltzen dira maletak?

Salouko klimak, Jacako parke naturalak, Nojako hondartzak eta Landetako baso zabalak erakartzen dituzte euskal herritarrak.

Bilbo
2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Mendia ala hondartza? Galdera hori sortzen denean, opor egunak heldu diren seinale. Toalla luzatu eta harean etzatea aukeratuko dute batzuek. Kulubitxoa bete, eta aldapan gora egitea besteek. Bata edo bestea aukeratzeko irizpideak desberdinak dira, baina badira euskal herritar askoren topaleku diren leku batzuk.

SALOU

Hondartzazaleek leku bat izaten dute buruan: Salou (Tarragona, Herrialde Katalanak). Harea gainean ibiltzeko kilometroak eta itsasoari begirako terrazak dira han nagusi. Nahiz eta etxetik urrun egon, turismo eskaintza handia dago, eta ostatuak prezio onean daudenez, udatiar ugari biltzen dira. Euskal herritarrak biltzeko toki bat ere bada han. Duela lau urte, Noel Gonzalezek Ongi Etorri taberna zabaldu zuen, Saloun dagoen euskal taberna bakarra. Bezero gehienak Euskal Herrikoak dira, eta Arabako Errioxako ardoak, txuletoia eta arraina eskatu ohi dutela azaldu du Gonzalezek. Jatetxean dauden habeak eskuz eginak eta Euskal Herritik eramanak dira. «Bezeroek taberna hau aukeratzen dute elkartzeko». Ainhoa Gutierrez Saloura doazen euskal herritar horietako bat da. Hiru urte daramatza bertan uda igarotzen, eta aurtengoa laugarrena izango da. «Salou aukeratzen dugu klimagatik. Euskal Herrian gutxitan egiten du eguraldi ona, eta orduan, denak korrika goaz hondartzara».

Gutierrezek ume txikiak ditu, eta ostatuek haientzako ekintza asko prestatzen dituztela azaldu du. «Lagun taldea osatu genuen beste euskaldun batzuekin batera, eta ibilaldiak antolatzen ditugu, igerilekuetara joaten gara eta haurrak zoora eramaten ditugu».

NOJA

Opor egunak gutxi direnean, etxe inguruan dauden lekuak aukeratzen dituzte gehienek. Bizkaitarren artean, oso ohikoa da Kantabriara joatea (Espainia). «Asteburu bat pasatzeko abagunea ematen du», dio Laura Quirogak, zeinak Nojan etxea duen. Trengandin hondartzako harea finak eta itsasbeherak agerian uzten dituen uharriek erakarri zuten. Hura eta beste milaka euskal herritar gehiago. «Hondartzan atseden hartzen edo zelaietan ibiltzen, euskal herritarrekin topo egiten duzu», gaineratu du. Nojako Los Molinos kanpinekoek azaldu dutenez, krisiaren eragina oso agerikoa da. Lehen, egonaldiak astebetekoak izaten ziren, eta azken urteetan, asteburu bat pasatzen dute bisitariek han. Euskal herritar gehienek etxea dutela diote; hori dela eta, kanpinera joaten direnak gutxiago dira. Alicia Herrerok beste etxe bat du Nojan, eta uda guztietan joan ohi da hara. «Egunak lasaiak eta ordutegirik gabekoak dira, baina, hain ezaguna denez, abuztuan bizkaitarrez gainezka dago».

JACA

Mendia maite duten euskal herritarrentzat oso erakargarria da Jaca (Huesca, Espainia). Via Alpinako kirol dendan, batez ere, amildegi jaitsierak eta trekkinga egiteko materiala saltzen dute oporraldian. Erosleen %80 euskal herritarrak direla diote. «Lehen, ezkondu aurreko agur festak egin ohi ziren Jaca inguruetan; baina, azkenaldian, haur txikiak dituzten gero eta familia gehiago biltzen direla sumatzen ari gara», dio Javier Reyesek, saltokiko arduradunak.

Mendizaletasunak eraman zuen Egoitz Ikutza Jacara. Duela sei urte mendiko kluba sortu zuten, eta beste euskal herritar batzuekin irteerak antolatzen dituzte. «Opor egunetan jende asko doanez, zirkulazio handia dago hara heltzeko», esan du.

Jon Goikouria ere ia astebururo joaten da Jacara. Estilo erromanikoko katedrala eta gotorlekuko harresia bisitatzeaz gain, Ordesa parke naturalean ibiltzen da. «Hiritik gertu bizi garenok ez dakigu zer den benetako atsedena hartzea», azpimarratu du. Goikouriaren arabera, Jaca euskal herritarrez beteta dago. Eguna mendian igaro ostean, herriko kale nagusiko edozein tabernatan ikus daitezke pintxoak jaten. Jendetza ibiltzea saltokietarako onuragarria dela pentsatzen du Adrian Morenok, Mallatas eskulangintza dendakoak: «Artisau lanak erosten dituzte, baina bitxiak izaten dira euskal herritarrek hautatzen dituzten oroigarriak».

LANDAK

Landak (Okzitania) oso arrakastatsuak dira euskal herritarren artean, eta askok Vieux-Boucau-les-Bains herria aukeratzen dute. Village Vancances Le Junka ostatukoek diotenez, udatiar gehienak ekaina eta iraila artean heltzen dira, eta batez beste, astebete pasatzen dute herrian. Erdiguneko tabernetan elkartu, Hossegor herria bisitatu, hondartzara joan eta bizikletarekin ibiltzen dira, aintzira inguruetan eta basoetan barrena. «Paisaiak ikaragarriak dira, oso aproposak haurrekin bizikleta hartzeko», dio Rosa Acostak. Acosta aste honetan bertan izan da Landetan. Lankide baten gomendioz aukeratu zuen leku hori, eta euskal herritar asko topatu dituela azaldu du; «batez ere gipuzkoarrak». Acostaren ustez, hainbeste familia euskaldun egonda, haurrek elkarrekin jolasteko eta euskaraz hitz egiteko aukera dute. Gainera, jaialdi asko antolatzen dituztela azpimarratu du. Vieux-Boucau-les-Bains herrira joaten direnek igandea bitarte Nas de Guit jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute. Igandera arte, haurrentzako ekitaldiak eta musika kontzertuak izango dira kaleetan. Hala ere, aldatu beharreko xehetasun bat proposatu du Rosa Acostak: «Inguru oso turistikoa denez, Frantziako ordutegiak alde batera utzi eta beranduago itxi beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.