Ramon Bustamante. Kazetaria

«Hedabideak, ezinbestekoak diren arren, baliabide batzuk dira»

30 urtetik gora daramatza Bustamantek Bilbo Herri Irratian. Denbora horretan, gizartea aldatu den heinean aldatu dira hedabideetako edukiak, baina gizartea jendeak aldatzen duela dio, eta hedabideak bilakaera horren baliabide direla.
JUNE PRIETO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 15
1984ko ekainean sartu zen lehenbiziko aldiz Ramon Bustamante (Urduña, Bizkaia, 1958) Bilbo Herri Irratiak Bilboko Mazarredo kalean duen erredakzioan. Bekadun bezala sartu zen, eta, denboraren poderioz, irratiko erreferentziazko ahotsetako bat bihurtu da. Kazetaritzak «gauza zoragarri asko» eman dizkiola dio, eta haurtzaroan ezagutu zuen irratiaren magia horretaz gozatzen jarraitzen du gaur egun ere.

Haurtzaroan zein harreman eduki duzu kazetaritzarekin?

Gure etxean Radio Vitoria entzuten zen, eta gogoan dut El Parte izeneko saio bat bazegoela albisteen berri ematen zuena. Irratiak toki garrantzitsua zeukan gure etxean: sukaldean egoten zen, eta beti piztuta. Gogoan dut, baita ere, nire amak nola entzuten zituen irrati nobelak, baina guri atentzioa ematen ziguna Cola Caoren iragarkiak ziren. Gogoan dut beltzaren istorioa, eta niretzat fantasiaz eta magiaz betetako mundu bat zen irratia. Etxean zegoen gauza garrantzitsuena zen.

Irratiak oraindik badu xarma hori?

Nire ustez, bai. Diotenez, idatzizko prentsa da gaitasun kritikoa gehien bultzatzen duen euskarria, telebistak gauza onak dauzka, baina dena eginda ematen du, eta hartzailea pasiboa da. Irratiak, aldiz, mezua ematen dizu, eta entzule bakoitzak entzuten duen hori irudikatzen du; berdin da istripu bat izan edo dena delakoa.

Horrek erakarri zintuen?

Egia esan, ez dakit. Irratiarekin liluratuta nengoen txikitan, baina kazetaritzan idatzizko prentsan hasi nintzen. Haurra nintzela, Mundo Joven izeneko aldizkari bat iristen zen etxera, eta hura niretzat askatasun izpi bat zen. Jose Maria Iñigo eta Manu Leginetxe zeuden tartean, eta horiek musikarekin lotutako aldizkari bihurtu zuten. Baita gazte mugimenduarekin lotura zuzena zuena ere. Triunfo ere iristen zen, bere garairako aldizkari aurrerakoia. Gogoan dut nola esaten nuen behin eta berriro halako zerbait egin nahi nuela.

Tira, eta horrela hasi zinen kazetaritzan, musika emanaldien kronikak egiten...

Muskaria aldizkarirako kronikak idazten aritu nintzen, baina baita erreportajeak ere, nahiz eta ez nuen oso modu egonkorrean parte hartzen. Musikarekin lotuta, Portugaleteko JMC irratian ere aritu nintzen, eta musikari buruzko saioak egiten genituen. Beti izan dut gogoko musika.

Urduñatik Bilbora etorri zinen...

Etorri ginen, hobeto esan. Aitak aspalditik lan egiten zuen Bilbon, eta, azkenean, hona etorri ginen.

Nolakoa izan zen aldaketa hori?

Niretzat, oso interesgarria eta polita, 14 urte nituelako, eta herri txiki batetik hiri batera etortzea nerabea zen haur batentzat beti delako erakargarria. Anonimotasuna ematen zizun, eta aukera zabalagoak zeneuzkan eskura.

Bilbo gris eta industrialera etorri zineten.

Eta hori gustatzen zitzaidan, nahiz eta oraingo Bilbo ere gustatzen zaidan. Edozein gauzatarako aukera gehiago zegoen; 14 urteko gazte batek eskatzen zuen guztia zeneukan eskura: zinema, diskoteka... Eta inori baimenik eskatu beharrik gabe.

Kazetaritza ikasten hasi zinen, lan egiten zenuen bitartean...

Inprenta batean, bai. 1978an sartu nintzen, eta Mazinger Z-ren kromoak egiten genituen, Argentinako Munduko Kopakoak, eta Zeruko Argia ere bertan inprimatzen genuen. Irratian sartu aurretik, La Voz de Euskadi agerkarian sartu nintzen, 1983. urtean. La Voz de España estatuko egunkaria itxi ondoren sortu zen langile kooperatiba gisa. Pepe Rey zen zuzendaria, eta kolaboratzaile bezala hasi nintzen Bilbo aldeko kultura eta gizarte arloko berriemaile gisa. Esperientzia polita izan zen, kazetaritza barrutik ezagutu ahal izan nuelako.

Eta hortik Bilbo Herri Irratira, gaur arte. Denetik egitea tokatu zaizu bertan...

Bai, hala da. Arratsaldeko magazin batean sartu nintzen bekadun bezala, eta irratian barneko lana egiten nuen. Geroago, 1987 inguruan edo, Fede Merino zuzendariak La Gruota izeneko saio bat egitea proposatu zidan. Bilbon TAO sistema sortu berria zen, eta aparkatzeko eremuak ondo markatu gabe zeuden. Isun handiak izaten ziren, eta autoak Uribitarteko biltegira eramaten zituzten, egun Guggenheim dagoen ingurura. Garai hartako sakelako telefono batekin joaten nintzen biltegira, eta isuna ordaintzera zihoan jendea elkarrizketatzen nuen. Era guztietako testigantzak biltzen genituen, jendea haserre egoten baitzen.

Kaleko kazetaritza, alegia.

Bai, eta oso bizia da. Asko gustatu zait hori, benetakotasun handia ematen duelako, hurbiltasuna. Irratian gehiago transmititzen da hori. Asko egin dut kaleko kazetaritza hori.

Baita haurrentzako programa bat ere. Montxin pertsonaia ezagun egin zen Bizkaiko haurren artean...

Bai, hori polita izan zen. Egun on Ramon magazinaren barruan haurrentzako espazio bat geneukan, eta hor Montxin izeneko pertsonaia bat sortu nuen. Sabel hiztunen gisara, Montxinek eta biok elkarrizketak izaten genituen. Ahots kordak izorratu zitzaizkidalako utzi nion egiteari, baina haur asko etortzen zen estudioetara berarekin argazkiak ateratzera. Etxean askotan prestatzen nuen hurrengo eguneko saioa, eta emaztea erotu egiten nuen; askotan ez zekien nirekin edo Montxinekin hitz egiten zuen. Lana zen, baina joko bat ere bai.

Esan daiteke kazetaritza bizi egiten duzula?

Lana gustatzen zait, eta hori da nik daukadan gauzarik onena, eta, era berean, txarrena. Lana gustatuz gero, beti neurrikoa dena baino gehiago egingo duzulako, eta zenbait momentutan txarra izan daiteke hori.

30 urtetik gora eman dituzu kazetaritzan. Denbora horretan guztian asko aldatu dira gaiak eta gai horiek lantzeko modua ere. Sumatu duzu aldaketa?

Telebistarako esperientzia bat eduki nuen Muga izeneko saioan. Denbora gutxi aritu nintzen ekoizpen lanean, eta gogoan dut nola behin eskatu zidaten ezkongabea zen ama bat bila nezala, saioan elkarrizketatzeko. Duela 30 urte, hedabideen ustez interesgarria zen hori jendeari azaltzea. Egun, irain bat izango zen, baina gizartea aldatu dela erakusten du horrek. Beste adibide bat: 1980ko hamarkadan industria krisian sartu zen, eta batzuek esaten zuten urte batzuen buruan Bilboko itsasadarrean aisialdirako itsasontziak ibiliko zirela. Jendea kalera botatzen ari ziren, eta hori esaten zuten pertsona horiek isilarazteko. Kronikak Euskalduna ontziolaren gatazkari buruzkoak ziren hartan, eta, egun, itsasadarrean paddle surf egiten dutenekin egin dezakegu. Gizartea aldatu da.

Zenbateraino aldatzen da gizartea hedabideen eraginez, eta zenbateraino aldatzen da hedabidea gizartearekin batera?

Bietatik duela esango nuke. Hedabideek badituzte gizartea nolabait aldatzen laguntzeko baliabideak, eta, era berean, jendeak zuzentzen du aldaketa. Hedabideak ezinbestekoak diren arren, baliabide batzuk dira.

Hala ere, gaur egun hedabideen eragina aldatu egin da sare sozialen eraginez. Nola ikusten duzu bilakaera hori?

Bidegurutzean gaudela iruditzen zait, nahiz eta agian beti bizi izan garen bidegurutze batean. Gaur egun, edonor izan daiteke berri baten sortzaile, eta baita jasotzen duena ere. Zurrumurruak beti egon dira, gezurrak, eta ondo kontatutako gezur borobilak ere bai. Baina orain zer gertatzen da? Sare sozialak direla-eta hori zabaldu egin dela. Nik txikitan El parte entzuten nuenean, bagenekien zeinen partea zen, eta zer kontatuko zuten. Ez zegoen behar besteko espiritu kritikorik, baina informazio iturriak ere urriagoak ziren. Gizartea sinpleagoa zen, eta orain, berriz, konplexuagoa da.

Zer esan nahi duzu horrekin? Lehen manipulatzea errazagoa izanda ere, egun informazio gehiago edukita manipulatzeko errazagoa dela?

Egun, konplexuagoa da. Nik uste egunkari ugari irakurtzeak laguntzen duela espiritu kritikoa sortzen. Erraza izan daiteke jendea engainaturik edukitzea, edo horrela izan beharrik gabe entretenituta edukitzea. Hala ere, beste inon argitaratuko ez diren informazio batzuk sare sozialen bidez bakarrik eskura ditzakezu baita ere. Edonola ere, ohiko hedabideetan konfiantza daukat, kazetaritza beharrezkoa delako oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna