Sanfaustoak Durangon

Jaietako kolore berria

'#DurangokPlanto' plataforma sortu dute 11 kolektibok, udalak euren iritzia aintzat hartzen ez duelako. Zapi berdea erabiltzeko eskatu dute

Durangoko hainbat kolektibotako kideak, astelehenean, plataformaren aurkezpenean. #DURANGOKPLANTO.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Jaietako zapia urdina da Durangoko sanfaustoetan (Bizkaia), baina txupinazoan beste kolore bat gailenduko da. Edo hala nahi dute, behintzat, #DurangokPlanto-ko ordezkariek. Aste honetan bertan aurkeztu dute11 mugimendu sozialek osatzen duten plataforma, eta txupinazoan Durangoko plaza zapi berdez betetzera deitu dituzte herritarrak. «Gure aldarrikapenaren kolorea izan dadila nahi dugu», azaldu zuen Ortzi Egia bozeramaileak astelehenean egin zuten prentsaurrekoan. Gaur hasiko dira Durangoko jaiak, eta, datozen bi asteetan, ospakizun ugari izango da.

Aldarrikapen kutsukoa izango da, beraz, gaur iluntzeko txupinazoa. Festarako deia ereegin dute, hala ere: «Ez dugu festa zapuztu nahi». Baina Durangoko kolektibo sozialugarik bat egin dute, eta arrazoiak gutxi du festa girotik: udal gobernuaren eraginez batu dira, azken urteetan herrian agintzen ari den moduagatik, hain zuzen ere. Hala esan du Egiak: «Durangoko Udalak ez ditu gure eskaerak kontuan hartzen, eta ez gaitu entzun ere egiten. Herritarren parte hartzea sustatzen dutela esaten dute, baina errealitate gordina bestelakoa da: helegite alternatibo eta dekretuen bidez gobernatzen dute». Talde ezberdinekin elkarlanik ez dagoela salatu dute.

Hain zuzen, horregatik erabaki du #DurangokPlanto plataformak lehen ekintza sanfaustoetako txupinazoan egitea, ikusgarritasuna lor dezakeen momentua izan daitekeelako, herriko plazan bertan, gainera. «Durangarrak gurekin elkartzea nahi dugu, eta denok zapi berdea janztea eskatzen dugu».

Kolektibo plurala

Udan hasi ziren plataforma sortzen, hainbat mugimendu sozialetako kideak elkarrekin batzen hasi zirenean: «Talde desberdinetako kide aktibo batzuek elkar ezagutzen zuten, eta, ekainean, udalarekin izandako harremanari buruz hitz egiten hasi ziren; hedabide digital batek Durangoko mugimenduei buruzko erreportaje bat argitaratu zuen, eta, ondoren, hainbatek elkarren arteko lanaren beharra aldarrikatu zuten». Udalaren jarrerak batu ditu, beraz, kolektibo horiek guztiak. «Orain arteko agintzeko estiloarekiko nekea islatzen du» plataformak, Egiak azaldutakoaren arabera.

Plataforman dauden kolektiboak askotarikoak dira. Eta horretaz jabetzeko nahikoa da zerrendan zein elkarte dauden ikustea: trenaren lurrei buruzko herri galdeketaren aldeko Erabaki plataforma; AP-8 Peajerik Ez mugimendua; Mikeldi-Olazaran auzoko berdegunean parkinga egitearen aurka dauden bizilagunak; Durangoko Familiak taldea; airearen kalitatearen inguruko taldea; Gorka Fraile euskal preso gaixoa etxeratzeko Berandu Baino Lehen Gorka Etxera kolektiboa; Durangalde osoan pediatria zerbitzua 24 orduz eskatzen duten herritarrak; auzoetako zerbitzuak hobetzeko eskatzen duten elkarteak; pentsio duinak eskatzeko pentsiodunen batzarra; elkarbizitza hobetzeko eta atseden hartzeko aukera defendatzen duen Zaratarik Ez taldea; eta gazteentzako etxebizitza eskubidearen alde lan egiten duen Zabalduko Ditugu kolektiboa.

Kolektibo horiek guztiek sentitu dute udalak ez diela behar besteko jaramonik egiten euren aldarrikapenak plazaratzen dituztenean: horregatik elkartu dira, hain zuzen, jatorri hain ezberdina duten pertsonak eta kolektiboak, helburu jakin baten bueltan, udalak eurekin harreman estuago bat eduki dezan.

Parte hartzeko deia

Astelehenean egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta azken egunetan hainbat jarduera egin dituzte Durangaldeko herritarren artean plataforma ezagutarazteko. Sare sozialetan #DurangokPlanto traola erabiltzen aritu dira, eta herrian hainbat kartel ere jarri dituzte, euren helburua zabaldu ahal izateko. Hala ere, gaurko txupinazoko argazkiari garrantzia eman nahi izan dio Egiak. «Ostegun honetan [gaur], talde eta elkarte guztietako kideak txupinazoan elkartuko gara mugimendua jendaurrean aurkezteko».

Durangarrei dei egin diete, era berean, mugimendu berriarekin bat egin eta zapi berdea soinean eraman dezaten jaien hasiera ekitaldian. «Jai egun guztietan jartzeko eskatzen dugu, baina, batez ere, txupinazoan. Berdea aukeratu dugu, guk nahi dugun Durangoren irudia delako: berdeagoa eta iraunkorragoa». Plazaren kolorea aldatuko dute horrela. Edonola ere, #DurangokPlanto plataformako kideek ez dute jaietako zapi urdina erabiltzea ere baztertzen. Hala adierazi zuen Egiak aurkezpen agerraldian: «Zapi urdina gurea ere badela gogoratu nahi dugu; tradizioa izateaz gain, zapi hori erostean JAED elkarte solidarioarentzako etekinak lortzen direlako». Hori dela eta, aurtengo sanfaustoetan Durangok bi kolore izango ditu, baina aldarrikapenerako deia bakarra izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.