Gogor tira egiten jarraitzeko indarra

Milaka lagun bildu dira Vianako Nafarroa Oinez «arrakastatsuan». Ikasleak garbiketa lanetan aritu dira.

Iker Tubia.
Iruñea
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Oso arrakastatsua». Halakoa izan da aurtengo Nafarroa Oinez, bestaren koordinatzaile Ana Galarrek azaldu duenez. Jendetza bildu da Vianako Eretsun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatutako jaian. Milaka lagun izan zirela esan dute, zenbaki zehatzik eman gabe, baina Foruzaingoaren datuek argitu dezakete aurtengo Nafarroa Oinez-ek izandako harrera: ostiralerako, 600 autokarabana ziren Vianan, eta egunean bertan 6.000 auto eta ehundik gora autobus gelditu ziren aparkalekuetan. «Balorazio guztiak positiboak izan dira, eguna normal-normal iragan zen, eta zorionak izan da gehien errepikatu den hitza».

Galarrek Nafarroa Oinez-eko ibilbidean egin du balorazioa. Izan ere, dena garbitu eta desmuntatu beharra dago bestaren ondotik. «Egia esan, atzo [herenegun] gau partean herria normaltasunera itzuli zen, deus pasatu izan ez balitz bezala. Milaka lagun, autobusa hartu, eta joan zirenean, desmuntatzen aritu ginen, eta etxera joan ginenerako garbi zegoen», azaldu du. Edalontzi berrerabilgarriek, birziklatzen aritu zirenek eta egun osoan garbiketa lanak egiten aritu zirenek izan zuten horretan zer ikustekorik.

Gainera, bestaren ondorengo egunean, bi ikastoletako DBHko ikasleak ere aritu dira garbitzen eta desmuntatzen. «Nafarroa Oinez-en egon diren gazte horiek hurrengo egunean garbiketa egitera etortzea positiboa da, kontzientziazioa garrantzitsua baita», azaldu du Galarrek.

Haiek ez ezik, urte osoan eta igandean lanean aritu diren boluntario guziak ere gogoan izan ditu Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak. Laguntza behar zutela zabaldu zuten joan den astelehenean, eta Euskal Herri osotik jaso zituzten laguntzeko prest zirenen mezuak. Boluntarioek ongi erantzun zuten, larrialdi zerbitzuek ere ez zuten lan handirik izan—anbulantziak bidaia bakarra egin behar izan zuen ospitalera—, eta, alor ekonomikoan ere, pentsatzekoa da helburuak bete zirela, bestara bildu zen jendetza ikusirik. «Egunerokoari aurre egiteko, garrantzitsua da alor ekonomikoa; zorrak dira, eta itolarri hori lasaitzeko balio dezake diru horrek», aitortu du Galarrek.

Euskara, plazara

Baina Nafarroa Oinez ez da egun bakarreko besta. Hala, igandeko helburuak betetzat ematearekin batera, urte osoko jarduerek izandako arrakasta goraipatu dute. «Aurtengo erronkarik handiena euskara ikastolatik atera eta herrietara, gure inguruetara eramatea izan da. Inguru hauetan euskara bultzatzen duen eragile garrantzitsuena gara —eta, batzuetan, bakarra—, eta hori, beraz, oso garrantzitsua izan da guretzat», zehaztu du koordinatzaileak.

Eguna normal iragan zen igandean. Aldaketa izan zenetik ohikoa izan den gisan, Nafarroako Gobernuko lehendakaria inaugurazio ekitaldian izan zen. Uxue Barkos ez ezik, besteak beste, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Pablo Azkona Lodosako alkatea eta Jose Luis Murguindo Vianako alkatea ere han ziren.

Goizean fresko, baina eguerditik aurrera tenperatura goxoa izan zen Vianan. Egun hodeitsua izanagatik ere, jardueretan parte hartzeko giro aproposa izan zen. Ohi bezala, gazteentzako kontzertuak zeuden guneak izan ziren jendetsuenak; batik bat, hirugarrena. Hala ere, hamaika jarduera izan ziren egun osoan. Galarrek Erronka egitasmoa azpimarratu du. Urtero ikastoletako ikasleen artean egiten den ginkana antzeko lehia bat da, gune batetik bestera egiten dena, eta haren arrakasta nabarmendu du Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak: «Ikaragarria izan zen: jende pila bat egon zen haien atzetik; probak oso ondo joan ziren, eta gazteek primeran pasatu zuten. Oso interesgarria da goizean gazteentzako jarduera osasuntsu hori egotea».

Lan gehienak bukaturik dituzte Vianan eta Lodosan, eta, jada, lekukoa pasatu dute. Heldu den urtean, Lesakako Tantirumairu ikastolari egokituko zaio Nafarroa Oinez antolatzea. Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak eta Aitor Iratzoki zuzendariak jaso zuten lekukoa. Vianan eta Lodosan, berriz, azkenengo balorazioak egin beharko dituzte heldu diren egunetan. Nafarroa Oinez bi ikastolaren artean antolatu den lehenbiziko aldia izan da, eta lortu dute sokari gogor tira egitea. Esan liteke aurrera jarraitzeko indarrak bildu zituztela igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.