Myanmar. Estatu kolpea

Militarren neurrira jositako demokrazia

Mende erdiko diktaduraren ostean desegin zen Myanmarko Junta Militarra. Armada, baina, ez da inoiz askorik urrundu boteretik eta urte hauetan guztietan ere harena izan da beti azken hitza.

Aung San Suu Kyiren irudi bat, Yangonen. NYEIN CHAN NAING / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Mende erdi egon dira militarrak agintean Myanmarren, 1962an Ne Winek estatu kolpea eman zuenetik. 2011n desegin zen Junta Militarra, eta lau urte geroago nazioarteak mugarritzat jo zituen hauteskundeak egin zituzten, eta ordurako Bakearen Nobel saria irabazia zuen eta Myanmarko heroi bilakatua zen Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak gehiengo osoa eskuratu zuen. Baina bozen atzean militarrek euren neurrira doitutako konstituzio bat zegoen, legebiltzarreko eserlekuen %25 armadarentzako izango zirela bermatzen zuena, eta gobernuarenak izan ohi diren eskumenak ere militarren esku uzten zituena, baita Aung San Suu Kyiri presidente kargua hartzea eragozten ziona ere.

Hamabost urtez preso egondako NLDko buruak esana zuen aurrez ez zuela goi kargurik onartuko militarren konstituziopean. Baina nazioarteak ontzat emana zuen ordurako armadaren urratsa, eta kenduak zizkion zigor neurriak. Isilduak ziren ahots kritikoak eta mundua beste gatazka bati begira jarria zen. Barack Obamak berak, AEBetako presidente karguan 2016an, «eredugarri» jo zuen «Myanmarren demokratizazioa», giza eskubideen aldeko erakundeen salaketei entzungor eginez. Hala, Aung San Suu Kyi, beste aukerarik ezin ikusita eta urte luzez ukatu zioten bidea baliatuta, Estatu kontseilari bilakatu zen, eta bere gain hartu zituen lau ministerio, gobernuko buruzagi boteretsuena bilakatuz.

NLD alderdiak ahaleginak egin zituen konstituzioa aldatzeko agintean egon zen bost urte horietan. Baina ezinezko izan zitzaien horretarako beharrezko %75eko langa gainditzea, militarren ordezkariak ez baitzeuden prest euren buruaren aurka egiteko. «Nazioarteko komunitateak ez du sekula Myanmar ulertu. Ez du jakin aztarnak aztertzen. Ez zuen atzean zegoena ikusi armadak esan zuenean zibilekin partekatuko zuela boterea; ez zuen gertatuko zena aurreikusten jakin Aung San Suu Kyi gobernuaren jabe egin zenean, eta orain ere ez da gai izan estatu kolpeari aurrea hartzeko», kritikatu du Aaron Connellyk, Ikerketa Estrategietarako Nazioarteko Institutuko kideak.

Ikuspegi kontrajarriak

Askatasunaren eta demokraziaren ikur bilakatutako NDLko buruaren jarrerak ere kritika ugari eragin ditu azken urteetan. Batez ere 2016ko abuztutik 2019ra arte rohingya etniako 730.000 pertsona baino gehiago Bangladeshera erbesteratzera behartu zituen operazio militarragatik. Rohingyen aurkako genozidioaren «gaizkide» izatea egozten diote Bakearen Nobel saridunari. Aldiz, haren aldekoek diote ez zuela aurrera egiteko beste biderik, militarren erabakiak onartzea besterik.

Baina iazko azaroko bozek indartu egin zuten NLD, eta militarrek kolokan ikusi zuten ordura arte kontrol zorrotza. Aung San Suu Kyik uko egin dio azken asteetan buruzagi militarrekin biltzeari, eta haiek, mende erdi luzeko boterea galtzeko beldur, beste kolpe bat eman dute. Oraingoan, baina, bestelakoa da testuingurua. «Ez gaude 1962an. Nazioarteak ez ditu begi onez ikusten diktadurak, eta Myanmarren ez du nahikoa sostengurik egoera horri luze eusteko», dio itxaropentsu Connellyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.