'Obama aroaren' amaiera. Agintaldiaren errepasoa

Ahal izanak eta ez izanak

'Yes, we can' leloak memorian iraun du Barack Obamaren zortzi urteko legealdian, baina, leloak lelo, ahaleginetan geratu zaizkio egindako promesetako gehienak, agerian utzirik oso mugatua dela AEBetako presidente baten erabakitzeko gaitasuna. Bi legealditako asmo garrantzitsuen atzera begirakoa da hau.
ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi - Iker Aranburu -

2016ko azaroak 6
Apatiak jota zegoen AEBetako gizartea, 2008an. Ahaztuta zeukan ordurako George W. Bushek 2001eko irailaren 11ren ondoren hedatutako mendeku eta amerikartasun gosea. Irakeko gerra odoluste eta diru huste etengabekoa zen; Afganistangoa ere, beste hainbeste, eta gain behera zihoan ekonomia. Obama haize freskoa zen, asmo onekin zetorren, ezberdina zen; gizarte justuagoa aldarrikatzen zuen: amerikartasun berrian sinisten zuena. Baina, zortzi urtean, Amerika zaharra gailendu da, egiten utzi ez diotenen boterea, eta, errepublikanoak Ordezkarien Ganberan nagusi bilakaturik, betotik betora ibili dira haren asmo onak. Hauek dira lortutakoak, eta bidean geratutakoak:

EKONOMIA

«Egoera ekonomikoa desastre bat da». Donald Trumpen analisi ekonomikoak, beste arlo batzuetakoak bezala, arazoak ditu errealitatearekin. Desastrea, berez, George W. Bushek Etxe Zuriko giltzekin batera Obamari emandako oinordekotza izan zen: langabezia %10era iristeko lasterketa bizian zegoen, subprime hipotekak hartutako milaka lagun etxea galtzen ari ziren egunero, finantza sistema hari batetik zintzilik zegoen, Detroiteko auto ekoizleak porrotaren atarian zeuden...

Ronald Reaganen garaitik nagusi zen erretorika liberala alde batera utzi, eta ekonomia suspertzeko plan bat onartu zuen Obamak. Administrazioaren kontuak gorriz tindatu zituen ahalegin horrek ?zor publikoa BPGren %100etik gora dago 2012tik?, baina, hein batean hari esker, AEBak krisiaren zatirik txarrenetik bizkorrago atera ziren Europa baino.

Obamak badu zer aldarrikatu: ostiraleko azken datuek diote langabezia tasa erdira jaitsi dela (%4,9), eta badirudi hazkundea azkenean iristen ari dela estatubatuarren patriketara ?soldatak %2,8 handitu dira azken urtean?. Obamak hondoratzear zegoen auto industria salbatu zuen diru publikoarekin, eta eskuak libre izatera ohitutako bankuak estuago kontrolatzen dituzte orain Frank-Dodds legearen bitartez.

Ifrentzua ere izan du Obamaren agintaldiak. Aberatsenen eta pobreenen diru sarreren arteko aldea txikitu beharrean handitu egin da, eta garai bateko industria eskualdeen gainbehera ez da eten. Eta Obamarentzat eta Clintonentzat agian okerragoa dena: kontakizunaren borroka galtzen ari dira. Erdiko klasearen gainbeherak betetzen ditu lerroburuak, eta arrakala sozial eta geografikoek elikatzen dute Trumpen «desastrearen» kontakizuna.

OSASUN ERREFORMA

Herri garatuen artean osasunean diru gehien xahutzen dutenetako bat dira AEBak, eta, era berean, babesik gabe zeuzkaten herritarren kopuru handiena zuten. 2010etik, hogei bat milioi biztanleri eman dio babesa osasun erreformak ?Obamacare deitzen diote?. Gaur egun, herritarren %80k dute osasun zerbitzuren bat, lanaren bidez edota programa federalen bidez jasoa. Gainerako %20en artean, erdiek jasotzen dute soilik. Izenik eman ez duten gehientsuenak gobernadore errepublikanoak dituzten hemeretzi estatutan bizi dira, gobernadoreok estaldura emateko ez baitituzte funts federalak erabili, erreformak agindu bezala. Ez da Obamak nahiko lukeenera iritsi. «baina lehen erostea bezala da: etxerik ez izatea baino hobea da». Auzitara eraman dute errepublikanoek, baina Auzitegi Gorenak erreformaren alde egin du.

IMMIGRAZIO POLITIKA

Badu plan bat immigrazioaren politika bere osotasunean hartzeko, baina ez da iritsi ere egin Ordezkarien Ganberan eztabaidatzera. Saiatu da, besterik ezean, bi programa abiatzen familien banaketa saihesteko: DAPA gurasoen deportazioak atzeratzeko programa, eta DACA haurtzaroan iritsitako paperik gabekoena. Texasko Gobernuak auzitara eraman zituen bi programa horiek, uste baitu ekonomikoki jasangaitzak direla mugaldeko estatuentzat, eta Auzitegi Gorenak ezin izan du erabaki, berdinduta daudelako auzitegian errepublikanoen eta demokraten arteko indarrak (4+4). Ohiko epaileak bederatzi badira ere, Antolin Scalia aurten zendu berria ordezkatu behar dute errepublikanoek. Horrek zer esan nahi du? Legearen linboan uzten dituela milioika guraso eta haur. «Herri hobea izatetik urruntzen gaitu».

Immigranteen politikaren zain, mugan segurtasuna indartu du, eta polizia gehiago jarri ditu, ez dadila jende gehiago iritsi ?1970etik ez da horren jende gutxi sartu?. Deportazio gehien agindu dituen presidentea ere bada: 2,7 milioi.

ARMAK

Orlandon izandako tiroketaren ondoren ?berriz saiatu dira demokratak armen kontrola arautuko duten lege bat onartzen?, bi proposamen egin dituzte Obamaren legealdian, baina Ordezkarien Ganberan ezezkoa atera da berriz. Presidentearen borroketako bat izan da. Armak erosten dituen orori lizentzia federal bat ateratzea da egitasmoa, eta, horrenbestez, eroslearen aurrekariak eta buruko gaitzak aztertuko lituzkete. Orlandoko tiroketatik gutxira atera zuen New York Times-ek inkesta bat, eta hark zioenez, hamar herritarretatik seik baino gehiagok egiten dute bat Obamaren proposamenarekin. Etxean armak dauzkatenen %54 ere alde dauzka; bostetik hiruk, lege zorrotzagoak nahi dituzte. 30.000 hildako izan dira aurten.

POLIZIA INDARKERIA

Beltzak edo hispanoak izateagatik jazarpenik ez izatea nahiko lukeen presidenteak, ezin izan ditu mendean hartu segurtasun indarrak. Indarkeria gainera lehertu zaio, are gehiago, azken bi urteetan, Poliziak Michael Brown gaztea tiroz hil zuenetik. Washington Post-en arabera, iaz 990 lagun hil zituzten poliziek, eta 2016a bide beretik doa. Erdiak zuriak dira; gainontzekoak, gutxiengo diren etnietakoak. Hala ere, multzo bakoitzaren proportzioari erreparatuz, biktima beltzen kopurua dago guztien gainetik. Afroamerikarrak biztanleen %13 dira, eta Poliziaren biktimen %26. Hildakoen kopurutik harago, inpunitatearen isla dira datuok: urtero 1.000 lagun inguru tiroz hil arren, polizia gehienak ez dituzte identifikatzen.

GUANTANAMO

2009ko urtarrilaren 20an presidente karguari zin egin eta bi egunera sinatu zuen Guantanamo ixteko agindua. Egun, zabalik jarraitzen du, preso gutxiago hartu arren. Presondegitik 775 igaro dira; bera Etxe Zurira iritsi zenean 242 zeuden, eta orain, berriz, 61. 177 beste herrialde batzuetara bidali dituzte Obamaren aroan.

Presidentearen ustez, «garestia da, alferrikakoa, eta panfleto bat etsaiak errekrutatzeko». Baina kargua utzi aurretik agindutakoa bete nahiko balu, arriskutsuegitzat jotzen dituzten 40 preso onartu beharko lituzkete, eta Ordezkarien Ganbera ez dago horretarako prest.

Lege proposamena onartu baino bi egun lehenago, Obamak esan zuen betoa ezarriko ziola legeari aurrera egiten bazuen ?Senatutik igaro behar du?. George W. Bushek ireki zuen espetxea 2002an, AEBek Habanaren nahiaren kontra Kuban zabalik duten base militarrean.

LGTB

«Lorpen handiak» egin dira urteotan Obamak, berak esanda, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen eskubideak bermatzeko, «baina askoz gehiago dago egiteko». Lorpen entzutetsuena sexu berekoen arteko ezkontzak onartzea izan da. Auzitegi Gorenak hauxe esan zuen erabakia irakurtzean. «Lan asko egin beharra dago homofobiari eta transfobiari aurre egiteko».

Armadan ere aldaketak izan dira. Don`t Ask, Don`t Tell (ez galdetu, ez esan) esaten zioten legea bertan behera uztea lortu baitu. Homosexualek eta lesbianek sexu joera ezkutatu behar zuten, armadako kide izan nahi izanez gero. 2012an sinatu zuen Obamak ezeztatzeko akta. 13.000 soldatutik gora kaleratu dituzte armadatik 1993ko legean oinarrituta.

Jazarpenak egunerokoa izaten jarraitzen du, ordea, estatu atzerakoienetan.

ATZERRI POLITIKA

Egiteko bat izan du Obamak: inbasiorik ez egitea zortzi urtean. Esku hartzeak bai, nazioarteko indarren aliantzekin, baina inbasiorik ez. Dena den, lurreko tropak droneekin aldatu ditu; hark eman die bultzada gidaririk gabeko gailu hilgarriei.

Lorpenen zerrendan badauzka hainbat auzi; besteak beste, Irango programa nuklearrarena. 2002an arma nuklearrak sortu nahi izatea leporatu zioten Teherani, eta hamarkada bat iraun zuten liskarrek eta zigorrek. 2013an, Hassan Rohani presidente hautatu berriak 5+1 Taldearekin negoziazioak berriz hastea erabaki zuen. Obamak mehatxu militarra alboratu, eta negoziazioei eman zien lehentasuna. Urte horren hasieran, IAEAk jakinarazi zuen Iranek beteak zituela agindutakoak, eta AEBek eta EBk zigorrak kendu zizkioten.

2016ko udaberriarekin batera iritsi zen, berriz, Obama Karibeko uhartera, ia 60 urteko harreman izoztuak urtzen hasteko asmoz. 2014ko abenduan iragarri zuen harremanak berreskuratzeko asmoa. Presidentearen ustez, bahimenduaren politika «zaharkitua dago, eta kendu egin behar da». Dioenez, ez dute inposatu nahi kubatarrek aukeratu ez zuten eredu bat, baina, era berean, kubatarrek AEBen balioak besarkatzeari buruzko garrantzia aipatu du. Kontuak kontu, bahimenduak hor dirau, Ordezkarien Ganberaren gai zerrendan.

IRAK

Ez du bete promes handia: tropa guztiak ateratzea Iraketik; are gutxiago, gerra bertan behera uztea. Gainera, elementu berri bat atera zaio bidera: EI Estatu Islamikoaren sorrera. Iraken sortu zen EI, eta, Siriako gerraren ondorioz, mendean hartzerik ez dagoen munstroa bilakatu da.

Obamak karguaren zina egin eta gutxira iragarri zuen Iraki buruzko asmo zehatza, 2009an: «2010eko abuztuaren 31rako amaituko da gure borroka misioa Iraken». Agindutako egunean erretiratu zituzten azkenak behar zuten tropak ?50.000 bat «aholkulari» eta operazio berezietarako tropak geratu ziren?. Azken tropen eszenifikazioa, berriz, 2011ko abenduan egin zuten.

Baina 2014az gero, handitzen ari da berriz ere AEBetako tropen presentzia, are gehiago, azken aldian, Mosuldik EI Estatu Islamikoa botatzeko ahaleginean. 4.600 soldadu inguru dauzkate AEBek une honetan, Pentagonoak azaldu duenez. Hortik kanpo leudeke misio berezietarako militarrak; kopuru ezjakin bat. EIren kontrako garaipen sinbolikoa lortu nahi du, gainerako indarrekin borrokan, legealdia amaitu aurretik. Lortuko balu ere, Irakek suntsituta jarraituko du, 2003an gerra hasi aurretik baino okerrago.

AFGANISTAN

Afganistanen, berriz, 2011ko ekainaren 30ean egin zuen iragarpena: tropak gutxituz joango zen, denak atera arte. Osama Bin Laden Al-Qaedako burua hil zuten hilabete lehenago, Pakistanen, eta ekintzak biziberritzeko aukera eman zion, aspaldian, babes faltan baitzen. 2014an iragarri zuen tropak 2016an «erabat» erretiratuko zituela. Ordea, etengabe berrikusi behar izan ditu egitasmoak. 8.400 militarrek jarraituko dute 2017an Afganistanen, ?iaz esan zuen 5.500ek jarraituko zutela?. Gaur egun 9.800 daude. Bereziki, Afganistango tropak heztea da beren egitekoa, Obamaren arabera, eta behar izanez gero, tokian tokiko borroketan laguntza eskaintzea. Baina 2001ean gerra hasi zenean baino eremu zabalagoa dute hartua talibanek; Al-Qaeda berregituratzeko saiakeran dabil, eta EI, bere boterea zabaltszeko ahaleginean. Alegia, zaila izango dute AEBek 8.400 tropekin lortzea, 2001ean 100.000rekin lortu ez zutena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna