Berdintasunerako Sailarteko Batzordea indartuko du Jaurlaritzak

Emakundek ez ezik, berdintasun unitatea duten erakunde autonomoek eta erakunde publikoek ere parte hartzen ahalko dute batzordean

Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Saila indartzeko premia ikusi dute. Sailarteko batzordea indartuko dute. Hala iragarri zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bere gobernuak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko «konpromiso irmoa» duela gogoratuta.

Atzo eguerdian bildu zen Eusko Jaurlaritzako Berdintasunerako Sailarteko Batzordea. Bertan izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, zenbait sail eta, lehenbiziko aldiz, honako erakunde autonomo eta publiko hauek: IVAP, Eustat, Habe, Osalan, Osakidetza, Euskal Trenbide Sarea, Lanbide, EITB, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentzia.

Bai Eusko Jaurlaritzako sailek eta bai erakunde autonomoekeuren berdintasun planetako alderdirik esanguratsuenen berri eman zuten bileran. Urkulluren erranetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berdintasun indizeak hobera egin du, baina esan zuen oraindik bide «luzea» dagoela gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko.

Bileran, zenbait lege ekarri zituen gogora Urkulluk. Esaterako, Berdintasunerako eta Emakumeen Aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzetarako Legeak Eusko Jaurlaritzako «berdintasun politikak indartuko» dituela adierazi zuen lehendakariak.

Emakunde

2020an Emakunde Lehendakaritzako egituratik ateratzeko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailean kokatu zuten. Euskal Herriko talde feministek ez zuten begi onez ikusi erabaki hori. Izan ere, 1988an sortutako erakundea Lehendakaritzari atxikita zegoenean, berdintasun politikek gobernuko alor desberdinetan eragina izateko aukera gehiago zegoela iritzi zioten. Egitura aldatzeak, ordea, politika horien baztertzea ekar zezakeen kezka azaldu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.