Nafarroan euskararen lege berri bat lantzera deitu du Kontseiluak

Paul Bilbaok «zinez posible» ikusten du adostasun berri bat lortzea, eta horretara batzeko eskatu die eragile politiko, sozial eta sindikalei

Euskalgintzaren Kontseiluak atzo Iruñean egindako ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskararen Nafarroako lege berriaren inguruan adostasunak lortzeko konpromisoa agertu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak atzo, legearen 35. urteurrenaren harira, eta langintza horretara batzera deitu zituen, euskalgintzako eragileak ez ezik, «eragile sozialak eta sindikalak» ere. Iruñeko Plazara! gunean egin zuen ekitaldia, herritarren eta euskalgintzako hainbat eragileren sostenguarekin.

«Zinez uste dugu posible dela adostasun berria eraikitzea», adierazi zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak, eta horretan ahaleginduko direla ziurtatu zuen, «orain arte bat egin duten» eragileetatik abiatuta. Lege berri bat egiteko «presa» dagoela onartu arren, azaldu zuen «denbora» hartuko dutela adostasunak ereiteko: «Urratsez urrats joango gara, legearen beharra partekatuz eta legearen printzipio nagusiak guztion artean adostuz». Dena den, lege berri posibleak oinarritzat behar luke, haren usteko, «herritar guztien arteko berdintasuna bermatzea».

Gaurko adostasunek biharkoei bidea erraz diezaieten nahi du Kontseiluak. Horregatik, aipamen berezia egin zion atzo Batuz Aldatu dokumentuari, alor askotako ia ehun eragilek hizkuntza politika berri baten alde izenpetutako itun sozialari.

Akordioa aurkeztu zuten Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Esther Lakasta Dindaia elkarteko kideak, eta adierazi zuten euskararen lege berriaren oinarri izan behar lukeela, Nafarroan lanketa berezia beharko duela aitortu arren.

Gainera, zonifikazioaren kontra Nafarroa hegoaldean abiatutako Hordago! egitasmoa goretsi zuen Bilbaok, eta adierazi zuen dinamika hori eta eragileekin batera egin nahi duten bidea elkarren osagarri izan daitezen nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.