Baionan, ospitalearen eta auzitegiaren arteko elkarlana sendotu dute

Auzitegi medikuntzarako unitate bat, biktimologia unitate bat eta arriskuan diren haurrak hartzeko unitate bat estreinatu dituzte

Auzitegi medikuntzarako hiru unitate ditu Baionako ospitaleak. PATXI BELTZAIZ.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ospitalearen eta auzitegiaren arteko zubi lana egiteko hiru unitate ditu orain Baionako ospitaleak. Uvie izeneko biktimologia unitateak bortizkeriaren biktimak hartzen ditu 2020tik; auzitegi medikuntza unitateak, justiziaren aginduz, pazienteen eta hildakoen azterketak egiten ditu, eta, berriki, Uaped unitatea ere sortu dute, arriskuan diren haurren harrera pediatrikoa egiteko. Atzo estreinatu zituzten ofizialki hirurak.

«Trabaz betea den biktimen bidea errazteko egitura bat da», Uvie unitateko Marie Soulat mediku arduradunaren hitzetan. Izan ere, arta fisikoak eta psikologikoak jasotzen dituzte biktimek egitura horietan, baina ez bakarrik: laguntza juridikoa ere badute, salaketa ospitalean bertan jar dezakete, eta gizarte laguntzaileak ere badira, bizitzaren bestelako arloetan laguntzeko.

Hala, zenbait egituraren arteko partaidetzaren emaitza da hiru unitateak biltzen dituen egitura. Frantziako Justizia Ministerioak urtean 600.000 euro ematen dizkio egiturari; gainera, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Eskualdeko Osasun Agentziak ere parte hartzen dute finantzaketan. Partaide guztien arteko bide «luze, zail eta arriskutsua» izan zuen gogoan Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak.

Justiziaren lana ospitalean

Uvie eta Uaped unitateetan biktimen hitza jasotzen dute osasun langileek, eta, biktimak hala nahi izanez gero, salaketa jartzeko prozedura egiten laguntzen dute. Soulat medikuak zehaztu du Uvien hartzen dituzten pazienteen %60 indarkeria matxista jasaten duten emazteak direla. Urte hastapenetik, orotara, 284 heldu eta 113 adingabe artatu dituzte unitate horretan. «Anitz da, gehiegi da, eta, iragan urteekin konparatuz, anitz emendatu da», deitoratu du Soulatek. Uaped unitatea indarkeria jasaten duten haurren entzuteko berezitua da, eta Poliziak osasun langileekin batera lan egiten du, «haurrek errepikatu behar izatea saihesteko». Urte hastapenetik hamahiru haur entzun dituzte.

Auzitegi medikuntza unitateak, haatik, prokuradorearekin eskuz esku lan egiten du: auzitegi medikuak haren aginduz bakarrik egiten ditu ikerketak. Besteak beste, «proba fisiko zein psikologikoak» ikertzea da haren lana, auzia izanez gero erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.