Hezkuntza Legeari 35 taldek egin dizkiote ekarpenak

EH Bilduk eta EP-IUk Bildarratzi esan diote itunpeko sareko kuotak ez direla legezkoak. Jaurlaritza doakotasunaren alde mintzatu da

Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hezkuntza izan zuten hizketagai atzoko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren galderen harira. Batetik, azkenaldian zeresana ematen ari den auzi batez aritu ziren: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legeaz. Bestetik, itunpeko ikastetxeetako kuotak izan zituzten mintzagai. Lehenengoari dagokionez, amaitu berri da aurreproiektuaren lehen zirriborroari ekarpenak egiteko epea, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi zuen 35 eragile eta norbanakoren ekarpenak jaso dituztela. Konpromisoa hartu zuen denak aztertzeko, «testua hobetze aldera».

Baina, nagusiki, itunpeko kuoten gaia landu dute. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek sinatutako hezkuntza akordioak eskolatze kuotak debekatzen ditu. Legez kanpokoak izateaz gain, gaitzetsi du segregazioaren arrazoi nagusietakoa direla. Koalizioa «erabat kontra» dagoela dio: «Kuotek desagertu egin behar dute». Halaber, Bildarratzi eskatu dio eskola postu baten kostu erreala kalkulatzeko eta kuotak kontrolatzeko mekanismoak jartzeko, besteak beste.

Berdintsu mintzatu da Isabel Gonzalez, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea. Esan du jakinekoa dela itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzen dituztela: «Eskola kuoten kobrantza inoiz baino indartsuago dago». Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Zubimusu ikastolaren gaia ere ekarri du hizpidera, eta esan du hutsik zituzten bi gelarengatik dirua jaso badute ere, Hezkuntza Sailak hura itzultzeko epe bat baino ez diela jarri. Kuotak desagerraraztea eta kontrol tresnak martxan jartzea galdegin du.

«Modu progresiboan»

Bildarratzek emandako erantzunetan esan du hezkuntza akordioaren «puntu guztiekin» dutela konpromisoa. Gainera, aipatu duenez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuan bertan ere jasota dago funts publikoekin finantzatutako ikastetxeek ezingo dietela doakotzat jotako irakaskuntzengatik inolako funts edo diru kopururik kobratu familiei.

Sailburuaren esanetan, ordea, aldaketa ez da bat-batekoa izango: «Prozesu konplexua da, eta ikastetxeekin konfiantza, konpromiso eta erantzunkidetasuneko esparru bat ezarri nahi dugu». Legeak aginduko duenera «modu progresiboan» egokitzen ari dira, eta, Bildarratzen esanetan, lehen pausoa egina dute: itunpeko eskolei emandako diru kopurua egokitu dute, finantzaketa areagotuta. «Gure ustez, hobekuntza horiek zuzenean izan behar dute eragina gure ikasleengan eta familiengan».

Ikuskapenei dagokienez, berriz, Bildarratzek nabarmendu du legeak agintzen duena egin dutela Zubimusurekin. Esan du horrelako kasuek erakusten dutela kontrol tresnak badaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.