Espainiako loteriaren bigarren sariak 154 milioi utzi ditu Basaurin

Basaurin ez ezik, Donostian, Azkoitian, Bilbon, Barakaldon, Berrizen, Laudion, Iruñean eta Burlatan ere saldu dituzte txartel saridunak

Erredakzioa
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako loteriaren Gabonetako zozketako bigarren sari osoa Basaurin (Bizkaia) saldu dute. 10:48an atera da 72119 zenbakia, eta erosi zutenek 125.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko. Kale Nagusiko 9. zenbakian dagoen loteria dendan saldu zuten. Gainera, loteriak beste toki batzuetan ere utzi ditu sariak: Donostian, Azkoitian (Gipuzkoa), Bilbon, Berrizen (Bizkaia), Laudion (Araba), Iruñean eta Burlatan (Nafarroa).

Basaurin, 154 milioi euro banatu ditu bigarren sariak, eta onuradun asko herriko eskubaloi taldeko kideak eta jarraitzaileak direla esan du loteria dendako arduradunak; 400 lagun inguru, Basauri Eskubaloi Taldeko presidenteak adierazi duenez.

BarakaldokoIsaac Peral kaleko loteria dendan saldu zuten, berriz, bosgarren sarietako baten zati handi bat: 92052 zenbakiduna. Establezimenduko buru Gaizka Ramirezek jakinarazi duenez, 80-85 sail saldu zituzten, gehienak Arteagabeitia ikastetxeko kideei. Ondorioz, bost milioi euro inguru banatuko dituzte han, irakasle, langile eta gurasoen artean.

Beste bosgarren sari baten zati bat, 89109 zenbakidunarena, Azkoitian saldu da. Herriko Kale Nagusian dagoen saltokiak 392 dezimo saldu zituen, eta, beraz, 2,3 milioi euro baino gehiago banatuko dituzte erosleen artean; 6.000 euro dezimo bakoitzeko. Zenbaki bereko sail bat saldu da Bilbon ere, Urkixo zumarkaleko saltokian.Iruñeko New Trujal jatetxean, sari nagusiaren osteko zenbakiaren 800 dezimo saldu zituzten: 86149. Hartara, 1,5 milioi euro izango dira zenbaki hura erosi zutenentzat. Zenbaki horren beste 200 dezimo Burlatako Landazabal egoitzan saldu ziren.

Gainerakoan, loteriak sari txikiagoak utzi ditu. Laugarren sariaren —42.833— sail bat eta dezimo bat saldu dira Bilboko Azkarreta dendan, eta beste sail bat Laudion, Zumalakarregi kalean. Bien artean, 420.000 euro.

Donostian, 26711 zenbakia izan da sariduna. Haren sail bat saldu zuen Narrika kaleko dendak, baina, saltzaileek Efe agentziari azaldu diotenez, abuztuan saldu zuten hura; segur aski, turistei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.