Sunbillako erasoagatik atxilotutako bikotea, behin-behinean kartzelara

Emakume bat tiroz hiltzen saiatzea leporatzen diete. Hamabost urteko espetxe zigorra ezarri diote beste gizon bati, neska bat bortxatzeagatik

N-121 errepidea, Sunbilla parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Foruzaingoak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu asteon Nafarroan, Sunbillako (Nafarroa) tiroketaren harira. Atxilotuak epailearen aurretik pasatu ziren ostegunean, eta Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak atzo eman zuen epaiaren berri: behin-behineko espetxealdia agindu diete biei, komunikatua eta fidantzarik gabea, ustez emakumearen «bizitzaren aurkako atentatua» egiteagatik.

Epaileak ebazpen judizialean azaldu zuenez, bi inputatuak gertakarien lekuan egon ziren erasoa gertatu zen unean. Gaineratu zuen egindako ikerketatik ondoriozta daitekeela akusatuek «bikote harremana» dutela, eta «zantzu objektiboak» daudela esateko «biktimaren bizitzaren aurka» egin zutela. Horrekin batera, adierazi zuen atxilotuak aurreko egunetan «hainbat aldiz» joan zirela erasoa egin zuten lekura.

«Egitateen larritasunaren aurrean», epaileak espetxeratzea eta inputatuei ezar dakizkiekeen «zigorrik handienak» agindu ditu, baita biktimaren «bizitza eta osotasuna» babesteko beharra ere. Atxilotutako gizonak eta biktimak, gainera, seme adingabe bat dute. Hari dagokionez, epaileak guraso ahala amari eman dio esklusiboki, eta aitaren eta adingabearen bisitak eten ditu.

Ttipi-Ttapa komunikabideak emandako informazioaren arabera, biktima lanera bidean zihoanean, N-121-A errepidean, hots bat entzun zuen. Lantokira iritsi zenean konturatu zen tiro baten arrastoa zuela autoan. Noticias de Navarra egunkariak azaldu duenez, balak autoaren leihoko markoa jo zuen, emakumearen buruaren parean.

Beste kartzela zigor bat

Ez da azken egunotan indarkeria matxistarekin lotuta egin duten espetxeratze bakarra. Atzo, esaterako, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zion 57 urteko gizon bati, Iruñerrian 20 urteko neska gazte bat bi aldiz bortxatzeagatik. Akusatua 2021eko maiatzaren 6tik zegoen behin-behineko espetxealdian.

Epaiaren arabera, akusatuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, eta ezingo da biktimarekin 35 urtez komunikatu, ezta 300 metro baino gutxiagora hurbildu ere. Horrez gain, espetxe zigorra amaitzean, zaintzapeko askatasun neurri bat bete beharko du 20 urtez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.