Mikel Aoiz Iriarte. Otsagabiko alkatea

«Madrilen ez badigute arrazoia ematen, Europara joko dugu»

Iruñeko artzapezpikuak 1999. urtean immatrikulatu zuen Muskildako ermita, eta Otsagabiko herriak 2012an ekin zion epaitegien bidez berreskuratzeko prozesuari.

Javi West Larrañaga.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hamarkada osoa darama Otsagabiko herriak eta Muskildako Patronatuak epaiketetan Elizarekin, ermitaren jabetza erabakitzeko. Mikel Aoiz Otsagabiko alkatea da Muskildako Patronatuaren presidentea. Aoizekin batera, urtero herritarren artean aukeratzen den maiordomoak eta herriko apaizak osatzen dute Muskildako ermita jagoten duen erakundea.

Muskildarena gainerako immatrikulazioen moduan egin da?

Bai, baina Muskilda ez da sartzen Elizak orain itzuliko dituen 1.000 horietan.

Immatrikulazioaren aurretik herriak ez zeukan dokumenturik frogatzeko ermita berea dela?

Bai, duela ehunka urtetko dokumentazioa daukagu. Muskildako liburu zaharrean agertzen da zer obra eta zer konponketa egin diren urteetan. Betidanik izan da Muskildako Patronatua hori egin duena, orduan bageneukan dokumentazio nahikoa epaiketara joateko. 2012an bozketa bat egin zen herrian, eta gehiengoak erabaki zuen errekurtsoa jarri behar zitzaiola immatrikulazioari. 2017an Agoizko Epaitegiak herriaren alde egin zuen; arrazoia eman ziguten, eta gu pozik geratu ginen, baina Elizak errekurritu, eta 2021ean Nafarroako Probintzia Auzitegiak Elizari eman zion arrazoia. Horregatik mugitu gara berriro.

Zein da hurrengo pausoa?

Oraingoan Madrilera joko dugu, Auzitegi Gorenera. Azken epaiak argudiatzen du guk dokumentazio horrekin ez dugula frogatzen gurea dela. Haiek ez dute frogatu behar ezer, baina guk frogatu egin behar dugu. Nahiz eta betidanik konponketak eta ordainketak guk egin, nahiz eta patronatua bizirik egon, haiek esaten dute ez dela gauza bera patroia eta jabea.

Bozketa egin duzue berriro errekurtsoa jartzea erabakitzeko?

Bozketa baino gehiago, bilera ireki bat egin genuen. 70 bat pertsona agertu ziren, eta esango nuke 67k alde egin zutela. Horregatik jarraitu dugu aurrera.

Sinestuna izateak badu zerikusirik iritziarekin?

Ez. Muskilda ez da bakarrik gurtzarako toki bat: hemengo jendearen bihotzetan dagoen leku bat da. Lotuta dago hemengo dantzekin, gaitarekin, kulturarekin... Eta berreskuratu nahi duten batzuk sinestunak dira, eta beste batzuk ez. Gurea den zerbait dela uste dugu. Gainera, ermitaz gain ondoan dagoen Seroraren etxea eta bost landa sartu ditu Elizak immatrikulazioan.

Zuek salatu duzue Erdi Aroko lege batean oinarrituta hartu dela epaia, ezta?

Bai. Erdi Aroko legedia erabili da. Gaur egungo ikuspuntutik ez dauka zentzurik. Lurra nirea bada, nik egiten badut etxea, konpontzen badut eta mantentzen badut, nork esan dezake ez dela nirea? Baina lehengo legeak baliatu dituzte.

Herriko apaizak zer dio? Zuen alde dago?

Bai, bai, gure alde. Bileran publikoki altxatu zuen eskua errekurtsoaren alde. Berak esaten du nahiago duela jendea harriak baino: «Harrien bila banoa, jendea galduko dut».

Eta Madrilen Elizak irabazten badu?

Madrilen ez badigute arrazoia ematen, Europa aldera joko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.