Italiak ia mila hildako eta 6.000 gaixo gehiago zenbatu ditu 24 orduan

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Italiak aurreko eguneko datuak gainditu ditu berriro ere. Egun bakarrean, koronabirusarekin kutsatutako ia mila hildako eta 6.000 gaixo gehiago baieztatu zituzten atzo. Hala ere, agintariek adierazi dute azken egunetako joerak geldotze bat islatzen duela COVID-19 gaitzaren kutsatzean.

Silvio Brusaferro Osasun Institutu Nagusiko presidenteak azaldu duenez, Italiak oraindik ez du goia jo eguneko kutsatzeen kopuruan, baina sabaia datozen egunetan irits daitekeela adierazi du. «Hartutako neurriak eragina izaten ari dira». Brusaferrok ohartarazi du kutsatzea zenbait eskualdetan azkarra dela oraindik. «Lombardian, Piamonteko zati batean eta Veneton», zehazki.

Italian 86.500 gaixo atzeman dituzte, eta 9.100 lagun baino gehiago hil dira koronabirusarekin kutsatuta.

AEBek Txina gainditu dute

Italiak bezala, AEBek ere Txinako datuak gainditudituzte koronabirusak kutsatutako herritarrei dagokionez. 86.000 gaixo baino gehiago atzeman zituzten atzo. eta 1.300 dira hildakoak.

Birusa abiadura handian ari da hedatzen azken egunotan AEBetan. Ostegunean, 18.100 kasu gehiago baieztatu ziren; egun bakarrean atzemandako gaixo kopururik handiena.

Koronabirusa ekonomian egiten ari den kaltea leuntze aldera, bi bilioi dolarreko —1,8 bilioi euroko— laguntza sorta bat onartu zuen atzo AEBetako Kongresuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.