Kontratuak egonkortzeko eskatu diote beharginek Osakidetzari

Lehen arretako langileen elkarteek agerraldia egin dute Bilbon, zazpi proposamen egiteko

Atzoko agerraldian lehen arreta indartzeko hainbat neurri proposatu zituzten. MONICA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Osasungintzarako eskubidea arriskuan dago». Hitz horiekin ohartarazi zuen Osakidetzaren egoeraz Ander Retolaza medikuak atzo Bilbon egindako agerraldi batean. Osatzen, EFEZEKE, Lehen Arreta Arnasberritzen eta OSALDE elkarteen izenean egin zuen berba. Lehen arretako hainbat profesionalen aldarrikapenak bildu dituzte elkarteek, eta horietako zazpi aurkeztu zituzten atzo: besteak beste, kontratuak finkatzea.

Leire Garate medikuaren esanetan, lehen mailako arretari esker da osasun publikoa «herritar guztiei osasuna bermatzen dien sistema bakarra». Gaur egungo egoerak hainbat arrisku dakartza, haren arabera: «Lehen arreta ahultzeak desberdintasunak handitzen ditu, eta, joera honekin, aberatsen eta pobreen sistema bat izango dugu».

Elkarteek zenbait neurri proposatu dituzte lehen mailako arretaren «ahultze handiari» aurre egiteko, hainbat arinen indarrean jartzeko. Alde batetik, Osakidetzari epe ertain eta luzerako estrategiak abiatzeko eskatu zioten, baliabideen kudeaketa eraginkorragoa egiteko eta langileen kontratazioa indartzeko. Langile falta arazo bat dela azpimarratu du Retolazak, baina kontratazioak bakarrik ez duela arazorik konponduko: «Langile gehiago hartzea gauza bera egiteko jendea erretzea baino ez da».

Lehen arretako langileek adierazi dutenez, beharrezkoa da Osakidetzaren egitura «bertikala eta inposizio bidezkoa» aldatzea. Proposatu dute osasun zentroen autonomia bultzatzea, lekuan lekuko berezitasunak kontuan hartzeko. Horrez gain, eskatu dute proiektu berritzaileei ateak zabaltzea, eta osasun zentro guztietan jar ditzatela «beste zentroetan eraginkorrak izan diren proiektu eta neurriak».

Lehen arreta goratu guran

Elkarteetako kideek nabarmendu dute gizartean pedagogia asko dagoela egiteko lehen mailako arretari buruz. Angela Fuentes medikuak adierazi du hedatuta dagoen uste bat dela familia medikuek katarroak bakarrik artatzen dituztela: «Ezinbestekoa da medikuntzako ikasleek jakitea zein den familia medikuaren lana». Gainera, ohartarazi dute Osakidetzaren enplegu eskaintza publikoak ez direla nahikoa sistemaren beharrizanak asetzeko. Langileen dimisioek arazo hori areagotzen dute. «Ez dago jenderik sistema botatzen ari delako, eta administrazioa beste alde batera begira ari delako», salatu du Retolazak. Aitortu du arazoa ez dela «bi egunetan konpontzekoa», baina pauso gehiago exijitu dizkie erakundeei. Horietako bat da lantaldeak finkatzea eta bermatzea pazienteen harremanak beti profesional berekin izatea. Elkarteen arabera, horrek asko handitzen du arretaren eraginkortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.