GAKOAK

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Txostenaren arabera, plan estrategikoak zazpi ardatzen inguruan osatu behar dira. Horien inguruko hainbat proposamen egiten ditu.
Industria. Gaur egungo azpiegiturak berritzea beharrezkoa da, batez ere industriaren etorkizuna eta lehiakortasun baldintzak bermatzeko eta negozio aukera berriak sortu ahal izateko. Fabrika askoren eraikinak egoera kaxkarrean daude, edo erabilerarik gabe geratu dira asko, azken hamarkadetan izandako desindustrializazio prozesuaren ondorioz. Gainera, lurrik ez daukate soberan eskualdean, eta, beraz, eraikin zahar horiek berreskuratu behar dira zoru berriak okupatu baino lehen. 10 milioi euroko inbertsioa egitea proposatzen da.
Enplegua. Enplegua arazo handietako bat eskualdean, bereziki biztanle gehien dituzten bi herrietan: Laudion eta Amurrion, batezbestekoa baino nabarmen handiagoa baita kopurua bi herri horietan. Gainera, herritarren zahartzeak are handiago bilakatu du arazoa, lanik gabe dauden gehienek 45 urte baino gehiago baitituzte, eta ikasketa kualifikazio baxua. Horien eta gazteen laneratzea errazteko, ezinbestekoa da heziketa programak unean uneko beharretara egokitzea, eskualdean dauden Lanbide Heziketa zentroen eta enpresen elkarlanarekin. Hiru milioi euro bideratzea proposatzen da
Etxebizitza. Etxebizitza eskaintza txikia da eskualdeko herrietan, eta horrek arriskua du dagoena garestiegia izateko, batez ere gazteentzat eta egoera zaurgarrian egon daitezkeen herritarrentzat. Hori dela eta, alokairuko etxebizitzak eta aldi baterako bizitoki zerbitzudun publikoak sustatu behar dira. Horrez gain, etxebizitzak, auzoak eta hiriko guneak ere berritu behar dira, irisgarritasuna eta trantsizio ekologikoa bermatzeko. Lau milioi euro bideratzea proposatzen da.
Mugikortasuna. Tren eta autobus zerbitzu publikoen maiztasunak eta ibilbideak hobetu behar dira, eta azken urteetan galdutakoak berreskuratu. Garraio publikoa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko azpiegiturak ere jarri behar dira, baita egun daudenak guztiz garatu ere. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Renferen aldirietako tren zerbitzuaren eskumena bereganatzeko lanean jarrai dezala, eskualdeari zerbitzu egokitu eta gertuagoko bat eskaini ahal izateko. Mugikortasunerako bost milioi eurorainoko inbertsioak egitea proposatzen da.
Turismoa. Eskualdearen garapen soziala eta ekonomikoa sustatzeko aukera berri bat izan daiteke turismoa. Garatze bidean dago sektorea oraindik, eta gehiago landu eta sakontzea badago. Horretarako, baina, eskualdearen turismo aukerak zeintzuk diren aztertu beharko da, eta baliabideak zehaztu. Enoturismoa izan daiteke horietako bat, eskualdeak ardogintzarekin duen lotura baliatuta. Izan ere, eskualdean ekoizten da Arabako Txakolina, eta bertan daude upategiak. Milioi bat eta erdi bideratzea proposatzen da.
Merkataritza. Tokiko merkataritzak eskualdeko herrien sozioekonomian duen eragin positiboa kontuan hartuta, negozio horiek babestu eta bultzatu egin behar dira. Horretarako, hainbat egitasmo egin behar dira administrazioarekin lankidetzan. Jarduera horien helburuak zera izan behar du, merkataritza tradizionalari balioa ematea, merkataritza eta ostalaritza jarduera sustatzea eta herrietako sare ekonomikoarekin lotura duten beste alor batzuekin sinergiak sortzea, hala nola kirolarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin.
Lehen sektorea. 1990eko hamarkadan eskualdeak izan zuen desindustrializazio prozesuaren ondorioz, lehen sektorea irtenbide bilakau zen askorentzat. Herritar askok jo zuten abeltzaintzara edo nekazaritzara bizimodu berri baten bila, eta, gaur egun ere, prozesua errepikatu dela kontuan hartuta, garapen ekonomikorako aukera bat ere izan daiteke. Baina horretarako baliabideak behar ditu sektoreak, besteak beste, belaunaldien arteko erreleboa errazteko eta sektorea digitalizatzeko. Eta azpiegiturak ere behar dira. Hori dela eta, proposatzen da aztertzea Laudioko hiltegia berriz irekitzea, animalia txikientzako transformazio zentro bat jartzea eta sukalde zentral bat eratzea. Bi milioi euro bideratzea proposatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.