Hilekoaren ondoriozko gaixo baimenaren alde agertu da CCOO; kontra, berriz, UGT

Legearen zirriborroa asteartean eramango dute Ministroen Kontseilura. Lehen egunetik gaixoaldia %100 ordainduko dutela zabaldu dute

Konpresak eta tanpoiak. BERRIA.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren abortuaren lege berriaren zirriborroa asteartean eramango dute Ministroen Kontseilura. Bertan proposatzen diren gaien artean, bada zeresana eman duen aldaketa bat; hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea izatea, hain zuzen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOOren arabera, hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko gaixo baimena hartu ahal izatea «legegintza aurrerapen bat» da orain arte «erabat alde batera utzitako» osasun arazo bati erantzuteko.

Estibaliz Montero sindikatuko emakumeen idazkariak adierazi duenez, neurriak langile klaseari eta «batez ere emakume langileei» egiten die mesede. Horrekin batera, nabarmendu du hileko «oso mingarriak eta lanerako gaitasuna kentzen duten hilekoak» dituzten emakume askoren beharrei erantzuten diela, orain arte ez baitzaie gaixotasun hori aitortu.

Idazkariak aldaketa «aurrerapausotzat eta emakume askok pairatzen duten gaixotasun baten aitorpentzat» hartzen du, baina sindikatuak adierazi du «adi» egon beharko duela, «beste desberdinkeriarik sor ez dadin». Izan ere, Monteroren arabera, enpresetan emakume izateagatik desberdinkeriak sortzen dira.

UGTrentzat, «desegokia»

Raul Arza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako UGTko idazkari nagusiak ere hitz egin zuen gaiaz atzo.Radio Vitorian adierazi zuenez, ordea, planteatzen den aldaketa emakumeak estigmatizatu ditzakeen neurri desegokia da: «Horrelako neurriak ez dira egokiak. Ezin dira emakumeak estigmatizatu, eta, berdintasunaren aldeko borrokan gauden honetan, ez da egokiena».

Horrekin batera, nabarmendu zuen ezen, hileko mingarria gaitz bat bada, emakumeek baja hartu behar dutela, «egoera berean dagoen edozein langilek bezala».

Lanera ez joateari dagokionez, Arzak adierazi zuen gaixo agiri baten atzean «beti» dagoela mediku baten ziurtagiria, eta, patronalaren jarrerak ikusita, «errugabetasun presuntzioa» eskatu zuen gaixo baimena eskatzen duten langileentzat.

Eldiario.es hedabideak gobernuko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Berdintasun Ministerioak eta Gizarte Segurantzak adostu dute hileko mingarrien ondoriozko gaixoaldiak %100 ordaintzea lehenengo egunetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.