Arrauna. Hondarribia

Lan onaren fruituak biltzen

Gustura daude Orbañanos, Aldai eta Puertas beren taldeen udako lanarekin. Hondarribia bigarrena da Eusko Label ligan, Isuntza ere bai KAE 1en, eta Hondarribia B asko hobetzen ari da
Hondarribiko trainerua, arraunak altxatuta.
Hondarribiko trainerua, arraunak altxatuta. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko abuztuak 10
Abuztuak hamargarrena du gaur, eta estropada handiak badatozela esan nahi du horrek. Bi nabarmentzen dira besteen gainetik: Zarauzko Estropada Eusko Label ligan, eta Kontxako Bandera. Mikel Orbañanos gustura dago Hondarribia egiten ari den lanarekin liga nagusian: «Oso pozik gaude egiten ari garenarekin. Hutsune garrantzitsuak izan genituen denboraldi honetarako, eta aurkariak, aldiz, indartu egin dira. Kezka bagenuen behera pixka bat ez ote genuen egingo. Baina puntan gabiltza, eta gustura egoteko modukoa da». Arraunlarien lanari eman dio aparteko garrantzia: «Beraien lanari esker da hau dena, ilusio eta gogo handia jartzen ari baitira, eta udan erakusten ari garen hau guztia horren emaitza da».

Bi bandera irabazi ditu Eusko Label ligan, eta baita Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere: «Dinamika onean gaude, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitu nahi dugu». Badaki taldea sasoiko helduko dela denboraldiko une garrantzitsu honetara: «Ziur naiz Kontxako Banderara sasoi onean iritsiko garela, baina badakit ere aurkariek badutela hobetzeko tartea oraindik». Donostiako estropada aipatuta, gauzak datozen bezala hartuko dituztela aurreratu du: «Guk gurea ondo egiten saiatu behar dugu, gure esku dagoen guztiari ondo heldu. Gero, gure mende ez dagoen beste guztiari ez diogu kasurik egin behar. Ez dugu burua asko galduko Kontxa dela eta. Datorrena datorrela, etortzen den bezala hartuko dugu. Hori bai, sekulako ilusioarekin gaude».

Osertz Aldai ere pozik da Isuntza egiten ari den lanarekin. Bigarren dira KAE 1 ligan, eta lau bandera dituzte irabaziak, azken hirurak segidan: «Pausoz pauso joatea zen gure asmoa, eta lehendabizi ohorezko txandan finkatu nahi genuen. Bigarren postuan finkatu egin gara, baina badakigu ezin dugula hutsik egin falta diren lau estropadetan, arriskua baitago edozein unetan puntu asko galtzeko lanak behar bezala egiten ez baditugu».

Ez du ukatu Eusko Label ligako azken biei begira ari dela, Isuntzak igoera kanporaketarako sailkatzeko aukera baitu: «Ezagutzen ditut, eta gauzak dauden bezala, behetik gora doalako, uste dut Tiran aurkari zailagoa izan daitekeela kanporaketan». Orbañanosek zer nahiko lukeen esan du: «Polita litzateke Isuntza igotzea, oroitzapen onak baititut ligaren hasieran elkarren lehian egindako urteena».

Puntu, bandera eta helburu horietatik aparte dabil Asier Puertas Hondarribiko bigarren taldean, KAE 2 ligan. Seigarren dira, eta egindakoarekin pozik dago entrenatzailea: «Asko hobetu dugu udan. Lan on batzuk ere egin ditugu tartean, eta pozgarria da hobekuntza ikustea. Ea gai garen larunbatean etxean lan ona egiteko. Arraunlarientzat ere polita da ikustea ondo lehiatzen dabiltzala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna