Osasunak lehen partidako itxura hobetu nahi du gaur etxean Elxi irabazita

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abuztuak 26
Ligari okerreko oinarekin ekin zion Osasunak joan zen igandean. Esperotako mailatik urrun jardun, eta esku hutsik gelditu zen Mallorcaren zelaian. Bada, gaur estreinaldiko sentipenak ahantzarazteko aukera ona du, Sadarren jokatuko duen aurreneko partidan. Joan zen sasoian puntu gehiegik egin zioten ihes etxetik —21 partidetatik zortzi baino ez zituen irabazi—, eta denboraldi honetan ez du nahi hori berriro gertatzerik. Izan ere, gorritxoek garbi dute Sadar gotorleku bihurtzea funtsezkoa dela igoerarekin amets egiteko. Hala, gaur lehen garaipena lortzen saiatuko dira, Elx igo berriaren aurka.

Mallorcan emandako itxura ez zitzaion deus ere gustatu Jagoba Arrasateri, eta herenegun autokritika egin zuen: «Hobe joka genezakeen. Eman behar dugun mailaz azpitik aritu ginen, jokoari eta lehiakortasunari dagokionez». Alta, ziurtatu zuen gaur «beste Osasuna bat» ikusiko dela. Horretarako, aldaketak egingo ditu. Jokatzeko moduan dira Xisco eta Lillo, lehen jardunaldian zigorra bete ondotik; baita Ruben Garcia hegalekoa ere, gorritxoek fitxaturiko azken jokalaria. Aldiz, deialditik at gelditu dira min hartutako Aridane, Merida eta Javi Martinez. Miguel Flaño ere ez da zerrendan sartu, arrazoi teknikoengatik.

Bisita berezia izango du gaur Iruñeko taldeak, Nino itzuliko baita. Elxeko aurrelariak 147 lehia jokatu zituen gorritxoekin, eta 27 gol sartu, profesionaltasun eta konpromiso handia erakusteaz landa. Horregatik, omenaldia jasoko du partida hasi aurretik.

OSASUNA-ELX

Osasuna. Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Clerc; Oier, Iñigo Perez; Juan Villar, Torres, Ruben Garcia;eta Xisco.

Elx. Jose Juan; Tekio, Gonzalo Verdu, Neyder, Manu; Xavi Torres, Gonzalo Villar; Josan, Javi Flores, Ivan Sanchez eta Sory Kaba.

Epailea. Ocon Arraiz.

Lekua. Sadar (19.800 ikusle).

Ordua. 19:30ean (Mov. Partidazo).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna