Bakardadeozeanoen kapitaina

Jean-Luc van den Heede 73 urteko nabigatzaileak irabazi du Golden Globe Race, itsasoz eta bakarrik munduari bira 212 egunean eman eta gero.

Bakardadeozeanoen kapitaina.
jakes goikoetxea
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Presaren eta abiaduraren garaian, bada garai bateko abenturari, garai bateko nabigazio moldeei eta garai bateko abentura kutsuari eusten dion itsas zeharkaldi bat: Golden Globe Race. Katamaranek eta trimaranek munduari bira emateko denborak txikitu dituzten garaiotan, atzera begiratzea eta atzera egitea proposatzen du Golden Globe Racek. Lasterketa da, baina lehiatik baino gehiago du abenturatik: parte hartzaileek geldialdirik gabe ematen baitiote itzulia munduari; garai bateko belaontzi txikiekin—1988 baino lehen diseinatuak izan behar dute—; pilotu automatikorik gabe; eta nabigaziorako eta eguraldiak iragartzeko tresneria berri eta zehatzik gabe. Mapekin eta sestantearekin baino ez. GPSak eta satelite bidezko komunikatzeko gailuak badituzte, baina antolatzaileei haien posizioaren berri emateko eta larrialdi kasuetarako baino ez. Robin Knox Johnstonek duela 50 urte bakarrik eta geldialdirik gabe munduari lehen bira emateko izan zituen baldintza berdintsuak sortu nahi dituzte antolatzaileek.

Eta halako erronka batean, izen bat, eskarmentu handiko nabigatzaile eta marinel bat, nabarmendu da: Jean-Luc van den Heede, 73 urteko frantziarra. 212 egunean zeharkatu du mundua —211 egun, 23 ordu eta 12 minutu—, Knox Johnstonek 1969an baino ehun egun gutxiagotan. Poliki, dena den, bost korapiloko batez besteko abiaduran —bederatzi kilometro orduko inguru—.

Iazko uztailaren 1ean hamazazpi belaontzi abiatu ziren Les Sables d'Olonnetik (Frantzia) eta herenegun bueltatu zen lehena, Van den Heederen Matmut. Ontzia zaharra da, baina goitik behera berritu zuen.

Frantziarra bada norbait itsas nabigazioan. Bigarren eta hirugarren izana da bakarkako zenbait itzulitan, bai Vendee Globen (1993an eta 1990ean), bai BOC Challenge Around Alone-n (1986an eta 1995ean). Berea da bakarrik eta ekialdetik mendebaldera munduari egindako itzulirik azkarrena, haizearen eta itsaslasterren kontra: 122 egunean lortu zuen, 2004an, eta inork ez du hobetu.

Zeharkaldia berez da gogorra, eta gogorragoa egiten dute Golden Globe Raceko baldintzek. Webgune ofizialaren arabera, hemezortzi parte hartzaileetatik seik baino ez dute jarraitzen.

Masta konpondu behar

Van den Heede ere larri ibili zen. Lasterketaren buruan zihoan, eta alde handia ateratzen zion bigarrenari, Mark Slats herbeheretarrari. Ozeano Pazifikoko haizeteek masta hondatu zioten azaroaren hasieran. Valparaisora joan (Txile) eta han konpontzekotan egon zen, baina bidean konpondu zuen. «Mastan gora egitea ez da egokiena nire adinean, ba zazpi aldiz igo nuen!», esan du Van den Heedek Les Sables d'Olonnera iritsita. Lan zailak dira lehorrean, are zailago itsasoan eta ontzitik sei metrora. Porturen batera joan eta han konpondu izan balu, lasterketatik kanpo geratuko zatekeen.

Masta nola edo hala konponduta, bela guztiak zabaldu ezinik eta nahi baino abiadura motelagoan, Hornos lurmuturra pasatu zuen eta Les Sables d'Olonnerako bidea hartu, Ozeano Atlantikoan gora. Gertu zeukan Slats (2.000 itsas miliatik 100 baino gutxiagora pasatu zen), baina Van den Heederen eskarmentuak eta Bizkaiko golkoko ekaitzek atzean utzi zuten herbeheretarra. Bihar iritsiko dela uste dute.

Frantziarrarentzat «ametsa» zen Golden Globe Race, garai bateko nabigatzaileen sentsazioak bizitu nahi zituen. Mimoz prestatu du, eta zorrotz prestatu da. Eskarmentua izanagatik, ikasketa prozesu bat izan baita harentzat ere. Itsasontzia aukeratu, moldatu eta han nabigatzera ohitu: «Garai batean banuen horrelako ontzia, baina ahaztu dut. Berriz ikasi behar izan dut horrelako ontzi batekin lan egiten».

Sestantea eta mapak baliatu behar izan ditu nabigatzeko. Ingalaterrako familia batek duela 30 urte emandako sestantea, Australiara zihoazela Frantzian porturatu eta itsasontzia saltzen laguntzeagatik Van den Heederi oparitua.

Ez zegoen ziur iritsiko zenik. Lasterketa hastea zuen lehen helburua. Iristea bigarrena. Eta, gero, ahal izanez gero, podiumean sartzea. Irabazi egin du. Van den Hedeeren esanetan, «munduari itzulia bakarrik ematen diozunean, iristen den pertsona ez da abiatu zen bera, denbora asko daukazu zure bizitzaz pentsatzeko». Oraingoz ez dauka asmorik munduari itzuli gehiago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.