Lehen Mailako Naonedek kopatik kanpo utzi du Baiona

mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Itxura duina emanda, baina ezustekorik gabe. Halaxe bukatu da Baionaren ibilbidea Frantziako Kopan. Lehen Mailako talde bat zuen aurkari atzo final hogeitahamabirenetan: denboraldi ona egiten ari den Naoned. Bretainiako taldeak 13. minutuan sartu zuen gol bat, eta horrek partida baldintzatu zuen. Baionak, hala ere, ez zuen etsi, eta, talde joko ona eta grina aparta erakutsita, bigarren zatian Naoned estutzea lortu zuen. Bretainiarrek luzapenean bertze gol bat sartu zuten, ordea, eta lapurtarren abentura halaxe bukatu zen (0-2).

Baionak errugbiko Jean Dauger estadioan erabaki zuen partida jokatzea, Didier Deschamps estadioak baino ikusle gehiago har ditzakeelako. Giro aparta izan zen harmailetan, 10.000 ikusle inguru elkartu baitziren. Eguraldi bustiaren ondorioz, ordea, berdegunea ez zegoen egoerarik onenean. Kalifa Coulibaly maliarraren golaren ondoren, lapurtarrek ez zuten etsi, eta, lehen zatian aukera oso argirik izan ez bazuten ere, hainbat jokalditan zaleak piztu zituzten —bertzeak bertze, 25. minutuan biziki haserretu ziren epailearekin, penalti eske—.

Bigarren zatian lapurtarrek gehiago estutu zituzten bretainiarrak, gehienbat Erwan Lannuzel entrenatzaileak Hamilton Beltran aurrelaria zelairatu ondoren. Beltranek bi aukera on izan zituen azken ordu laurdenean; bata, 82. minutuan, Minka Yadi Camararekin izan zuen aukera bikoitz bat. Hala ere, azkarrenaren legea gailendu zen, eta Naonedek bigarren gola sartu zuen 94. minutuan, Mehdi Abedek kontraeraso bikain bat bururatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.