Realak puntu bat soilik eskuratu du Madrilen aurka, Zubietan

Nerea Eizagirre baloiarekin, atzoko partidan, Zubietan. REALA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Realak berdindu egin zuen Madrilen aurka atzo eguerdian, Zubietan (1-1). Hamazazpigarren partida zen txuri-urdinentzat, eta hemezortzigarrena kanpotarrentzat. Puntu banaketarekin, espainiarrek eutsi egiten diote Realarekiko lau puntuko aldeari.

Merezimenduak ez du punturik ematen, eta hori aipatzen den bakoitzean emaitza aldekoa izan ez delako izaten da. Atzokoan ere bai. Realak hasi eta buka menderatu zuen aurkaria jokoan, baina ez zen gai izan gol bat baino gehiago sartzeko. Aurkariak, aldiz, aukera erdi bat aski izan zuen aurreratzeko. Gonzalezek buruz sartu zuen gola, 28. minutuan, kornerreko jokaldian. Pixka bat lehenago, Luciak langara botata zeukan baloia kanpotarren eraso batean. Aurretik, eta partida hasi orduko, Nerea Eizagirrek bi aukera garbi huts egin zituen. Kale egin ez zuena Palacios izan zen etxekoentzat, atsedenaldira joan aurreko azkeneko jokaldian. Berdinduta burutu zuten bi taldeek lan osoaren erdia.

Bigarren zatian, aurrenekoaren lepotik izan zuen burua jokoak. Baita Realaren nagusitasunak ere. Madril ase zen puntu alearekin, eta horren bila aritu zen. Ez, ordea, Natalia Arroyorenak. Garaipena emango zien golaren bila jarraitu zuten, eta gola sartzeko aukerak sortu zituzten. Asmatzea beste kontu bat izan zen. Nahikarik garbia huts egin zuen, eta geroxeago, Nerearen erdiraketa bere atean sartu zuen ia Joycek.

Hiru puntuen atzetik joateko ahaleginean, beste oztopo bat jarri zitzaion Realari 70. minutuan: Mendozari bigarren txartel horia atera zion Sanchez Miguel epaileak, eta gorria, ondorioz. Azkeneko hogei minutu pasatxoak jokalari bat gutxiagoz jokatu behar izan zituzten etxekoek, baina, hala ere, jokoan nagusi iraun zuten. Garaipenaren bila etenik gabe jarraitu zuen taldeak, baina berdinketan bukatu zen azkenean partida.

Arroyok ontzat jo zuen taldearen jokoaz: Ā«Irabaztera joan gara, eta, lortu ez arren, lan ona egin du taldeak. Jokalari bat gutxiagorekin, heroikotasun kutsua hartu du emaitza iraultzeko saialdiak, baina bat gutxiagorekin ez gara haiek baino gutxiago izanĀ». Datorren ostegunean Levanteren zelaian beste aurkari zuzen bat izango du parean Realak.

Eibar eta Athletic, gaur

Euskal Herriko beste bi taldeek, Eibarrek eta Athleticek gaur jokatuko dute. Armaginek Sevilla izango dute kontrario Unbeko beheko zelaian (12:00). Lehen itzulian, Iker Dorronsororen jokalariek irabazi egin zuten Sevillan. Sailkapenean, andaluziarrek hiru puntu gehiago dituzte, baina bi partida gutxiago jokatu ditu Eibarrek.

Athleticek bolada luze eta txarrari akabera emateko beste aukera bat dauka, Espanyolen aurka, Lezaman (12:00). Hiru puntu goitik dira katalanak. Jokalariak hamar egun egon dira konfinatuta COVID-19 kasu bategatik, zelaian entrenatu ezinda. Bigarren taldeko lau jokalari sartu ditu deialdian Iraia Iturregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.