Osakidetzaren egoera aurreikusteko tresna

Sherpak plataforma bat garatu du, Osakidetzarekin elkarlanean, zaintza intentsiboetako unitateen egoera aurreikusteko. Astebeteko tartearekin jakin dezakete ospitaleak nola egongo diren, ordurako prest egoteko.

Osakidetzarako garatu duten plataformaren itxura. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Osakidetzak baliabide berri bat dauka aurreikusteko zein izango den bere ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateen (ZIU) egoera astebeteko tartean. Adimen artifizialean mundu mailako enpresa garrantzitsuenetarikoa da Sherpa, eta Osakidetzarentzako plataforma bat garatu du beren borondatez. «Presazko behar bat zegoen pandemiak izan dezakeen garapena aurreikusteko, eta guretzat ezinbesteko betekizun bat izan da adimen artifizialean ditugun jakituriak horretara bideratzea»,azaldu du Xabi Uribe-Etxebarriak, Sherpa konpainiaren sortzaileak.

Jakintza hori aprobetxatuz, algoritmo batzuk sortu dituzte, eta astebeteko tartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango diren ZIU beharrak aurreikus ditzake plataformak. «Horrela, ospitaleek izan ditzaketen beharrak aurreikusi ditzakete, etaosasun agintariei bide ematendie behar dituzten baliabideak eskura izan ditzaten». ZIUen egoera zein izango den aurreikusteaz gainera, koronabirusa hiru lurraldeetan nola garatudaitekeen aurreikusteko ere gai da Sherpak garatutako baliabidea.

Gaur-gaurkoz, Osakidetzarentzako egin dute plataforma hori. «Erkidegoaren beharretara egokituta dago plataforma hau, eta Osakidetzak lurralde bakoitzean izan ditzakeen beharretara». Plataforma, ordea, hiru lurraldeetara bakarrik mugatua dago, eta Nafarroara eta beste herrialdeetara hedatzeko zailtasunak egon daitezkeela ere azaldu du Uribe-Etxeberriak. Izan ere, «osasun sistema bakoitzak irizpide ezberdinak erabiltzen ditu gaixoen ospitaleratzeari dagokionez». Hala ere, baliabide horiek behar izanez gero behar den osasun sistemara egokitu eta martxan jar daitezkeela ere argitu nahi izan du Sherpa konpainiaren sortzaile eta arduradunak.

Teknologia gaitzen aurka

Adimen artifiziala koronabirusaren aurkako borrokan zer-nolako garrantzia izaten ari den nabarmendu du Uribe-Etxebarriak. Diagnostiko azkarrak egiteko eta kasu berriak aurreikusteko, besteak beste, une honetan baliabide horiek erabiltzen ari direla dio. «Une honetan, pandemia bat aurreikusi edo geldiarazteko, medikuntza bezain garrantzitsua izaten ari da inteligentzia artifiziala». Osakidetzaren esku jarritako plataformak ere hori erakusten du.

Horregatik, haren arabera, arlo horretan inbertsio handiagoa egitea baliagarria izan daiteke etorkizuneko kalteak leuntzeko. «Gizateriak eta planetak izan ditzaketen erronka presazkoenei aurre egiteko balio dezake adimen artifizialak, eta pandemia honetan haren erabilerari erreparatzeak hori erakutsi besterik ez du egiten». Hala ere, argi utzi du gizakientzako baliabide osagarri bat izan beharko lukeela teknologia horrek, eta ez duela inoiz ere ezeren ordezko izan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.