Literatura. 'Odolekoak'

Maitasun-lokarriak edo ama gaiztoak

Idazlea: Antxiñe Mendizabal. Argitaletxea: Elkar.

Irati Majuelo.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zeresana eman du Mendizabalen estreinako nobelak, iazko liburu esanguratsuenen artean bere lekua hartzeraino. Iruñean kokatu eta 1941etik 2005erainoko bidaia egiten du Echaluce familiako emakumeen ibilbideen bidez, gertakari historikoak atzerafondo gisa erabiliz, baina fideltasunez dokumentaturik. Eleberri historikoaren eta familia-sagaren arteko lana da, beraz, ama-alaben arteko harremanean ardaztua.

Eleberri gisa gutxi asko du faltan. Mendizabalek pertsonaia interesgarriak marraztu ditu, tramak aurrera egin ahala garatzen doazenak, eta batez ere, manikeismotik aldentzen direnak. Gerraostean girotuta egonik, on/gaizto bereizketan erortzeko arriskuari ihes egiten dio, eta Historia nagusiaren paraleloan gorpuzten diren bizitza, amodio eta erabakietan kontatzen ditu zuri eta beltzetik harago nahasten diren grisak. Nobela erregimenaren aldeko familia batean oinarritzeak abiapuntu ona ematen dio idazleari. Halaber, bigarren mailako pertsonaien aniztasunak begirada korala ematen dio, eta narrazioan zehar aldatzen doazen testuinguru soziopolitikoei txukun heltzeko aukera eskaintzen, nahiz eta zenbaitetan kasualitate gehiegi gertatzen diren pertsonaia horiek elkarren artean topatzeko.

Emakumezko pertsonaiek daramate tramaren zama guztia, izan Echalucetarren familiakoak (Matilde, Teresa, Amaia), izan haien zerbitzari edo inguruko familietakoak (Luisa, Victoria, Nieves). Beren ideal eta nahiei uko egiten dieten emakumeak dira, oro har, gerraostearen zorigaitzak, inposatutako patuen ezinegona edota maitasun ezaren minak azaleratzen dituztenak. Ama eta emazte onaren rol behartuari begiratzen dio ikuspuntu desberdinetatik Mendizabalek, bereziki, patu horri jarraitu baina deserosotasunez eta arranguraz bizi izan zuten emakumeen begietatik. Zentzu horretan, Matilde bilakatzen da pertsonaia interesgarriena, ziur aski. Teresak oinordetzan jasotako maitasun ezaren ondorioek ere gogoeta pizgarriak sortzen dituzte. Hala, dirdira gehien duten uneak ama-alaben arteko harremanari dagozkionak dira, baita Martin semearen bizialdiari buruzkoak ere.

Egitura sendoa du, alabaina idazkeran aurki daitezke liburu honen hutsune handienak. Euskara akasgabean idatzita badago ere, estiloa lau samarra gertatzen da gehienetan. Istorio gurutzaketek erraztutako tentsio eta barealdi uneak ez ditu idazkeraren bidez probesten, ez die zukurik ateratzen eleberria markatzen duten gertaera edo hausnarketei. 300 orri luzetan erritmoa oso bizia da, ekintza ugari dago eta horrek indarra ematen dio, baina azkarregi igarotzen dira gehienetan, bai jazoera historikoak bai familiarrak. Hori dela eta, testuak kronika edo zerrendapen tankera hartzen du sarri. Gertakariak hautatu, murriztu eta garapen handiagoa emateak mesede eginen lioke, kontakizunari behar duen azken txinparta eransteko. Bestalde, amaierako azalpenak soberan daude, beharrezkoak ez izateaz gain, eleberriaren edukia bera itxuraldatzen baitute.

Hala ere, ezin uka daiteke anbizio handiko lana denik, lan eskerga eta asmo on ugari nabari ditu lerro artean. 2020ak euskal letrei emandako sorpresa urrietako bat izanik, interesgarria izango da aurrerantzean Mendizabalen ibilbidea jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.