'Ur handitan' saioaren 100. atala, Behobia-Donostia lasterketarekin

urtzi urkizu
Donostia
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
ETB1eko Ur handitan erreportaje saioa 100. atalera iritsiko da asteartean. Behobia-Donostia lasterketak ehun urte beteko ditu gaur, eta proba horren inguruan egingo du programak Ehun izeneko atala. 22:15ean emango dute.

Saioko protagonistak Behobia-Donostiarekin harreman berezia duten bost lagun izango dira: Alazne Mujika eta Eva Esnaola atletak eta lagunak dira; lasterketako aurreneko erbi emakumeak izan ziren. Bestetik, Itxaso Marti Donostiako Ospitaleko neurokirurgialari pediatrikoarekin hitz egingo dute —Dravet sindromea ezagutarazten ari den fundazio baten elastikoarekin egingo du korrika—. Beste protagonista bat Alain Irazu izango da: eslalomeko patinaren gainean, hanka bakar batekin egiten du lasterketa. Iraitz Arrospide 50 kilometroko munduko txapelduna ere azalduko da saioan. Azken horren helburua Donostia-Behobia irabaztea izango da. Bost protagonistak lasterketa aurretik elkarrizketatuko ditu Xabier Madariagak, eta lasterketa egunean ere grabatuko dituzte.

Usua Garin saioko zuzendariaren arabera, denboraldia «ederki» doa: «Ehun saioren ostean, gure erronkarik handiena da gai berriak topatzea eta horien trataerarekin asmatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak