Koronabirusa

Koronabirusak gutxienez 119 lagun hil ditu astebetean Hego Euskal Herrian

Birusa detektatzeko 22.000 test egin dituzte Hegoaldean, eta 1.639 kasu zenbatu dituzte. Koronabirusarekin eri diren 202 pertsona daude ospitaleetako ZIUetan erietxeraturik

Koronabirusak gutxienez 119 lagun hil ditu astebetean Hego Euskal Herrian.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ez da gelditu, ezta apaldu ere, COVID-19aren eraginez Hego Euskal Herrian hildakoen kopurua. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, joan den igandera arte 119 pertsona zendu dira gaitzarengatik astebetean. Zehazki, azaroaren 2tik 8ra bitarteko astean zenbatuak dira heriotza horiek, eta, hori horrela, hildakoen zenbatekoak gora egin du aurreko asteko datuekin alderatuta. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan nabarmen hazi da kopurua. Izan ere, Osakidetzaren arabera, urriaren 26tik azaroaren 1era 46 pertsona hil ziren COVID-19arengatik. Azken astean, aldiz, 73 heriotza izan dira hiru lurralde horietan. Dena dela, kontuan hartu behar da datu horietan heriotzaren kausa nagusia gaitza bera izan duten kasuak baizik ez daudela bilduta. Nafarroako Gobernuak, aldiz,baturik egiten du zenbaketa: foru erkidegoan, koronabirusarekin eri ziren 46 pertsona zendu dira astebetean, aurreko astean baino 11 gehiago. Gainera, beste bost heriotzaren berri eman zuen atzo gobernuak.

Kutsatuen kurbari dagokionez, bigarren egunez, gora egin du egun bakarrean detektatutako kasu kopuruak. Hegoaldean 1.643 kasu atzeman zituzten asteartean; hau da, bezperan baino 116 gehiago. Birusa atzemateko 22.349 test egin ziren herenegun, eta horien %7,3k eman zutenpositibo. Bezperan, berriz, %9 izan zen portzentajea

Lurraldez lurralde, beste behin, Bizkaian erregistratu zuten kasu gehien: 676. Gipuzkoan 569 kasu zenbatu zituzten, eta Araban, aldiz, 142 positibo izan ziren astearteko testetan. Nafarroan, 242 kasu positibo zituzten.

Pandemiak Nafarroan duen bilakaerari erreparatuta, aipatzekoa da lurralde horretan kasu positiboen hazkundean antzeman daitekeen mantsotzea. Izan ere, joan den ostiraletik, hilaren 6tik, egun bakarrean zenbatutako positibo kopuruak ez du inoiz gainditu 350 kasuen langa. Are, gobernuak jakinarazi duenez, azken astean %40 gutxitu dira foru erkidegoan atzemandako positiboak.

Datuek egoera epidemiologikoaren hobetzea erakusten badute ere, Santos Indurain Osasun kontseilariak argitu du premiazkoa dela kurba gero eta apalagoa izatea. Gainera, Indurainek esan du herritarrek «beste era batera» bizi izan beharko dituztela aurtengo abenduko zubia eta Eguberriak. Zubiari dagokionez, azaldu du litekeena dela mugek bere horretan jarraitzea egun horietan.

Ebakuntzak atzeratzera

Azken asteetako kutsatzeen eragina nabarmena da erietxeen okupazioan. Azken datuen arabera, oraintxe bertan 202 gaixo daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, hau da, bezperan baino bi gehiago.

Ospitaleetako egoera larriagotzen ari dela ikusirik, instituzioak neurriak hartzen ari dira, ezinbestean. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospitaleetako kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu dute. Gutxienez 45 ohe gehiago bideratuko dituzte ZIUetara datorren astelehenetik aurrera, eta premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratu eginen dituzte. Zehazki, gaur egun, Osakidetzaren ZIUetako oheen %47,5 koronabirusarekin eri dauden gaixoek dituzte okupaturik.

Iñaki Ibarrondo Osasun sailburuordeak adierazi du jadanik hasia dela nabaritzen izurria kontrolatzeko mugen eragina. Haren arabera, Jaurlaritzak espero du aste bukaerarako egoerak «egonkortzera» egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.