Albistea entzun

Martxoaren 3ko 45.urteurrena

«Memoriak bizirik dirau»

45 urte igaro dira Poliziak bost langile hil zituenetik Gasteizen. Omenaldiak egin dira, eta Martxoak 3 elkarteak azpimarratu du Biktimen Oroimenezko Zentroa herritarrek eginiko lanaren «fruitua» dela

LAB, ELA, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, Gasteizen.
LAB, ELA, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko martxoak 4 - Gasteiz

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak hil eta beste hainbat zauritu zituen Gasteizko San Frantzisko elizan, Zaramaga auzoan. Hiriaren memorian gorriz markatutako eguna izan zen, eta atzo 45 urte bete ziren. Hala ere, gertakari horiek ez dira aise ahazten, eta ia mende erdi igaro ondoren, herritarrek egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dute. Eragileek adierazi dute ordu hartan lehen lerroan borrokan aritu zirenen seme-alabak eta ilobak direla, eta eraildako senideen eta lagunen borrokek bizirik dirautela. «45 urte igaro dira, bai, baina memoriak bizirik dirau».

Ikusi gehiago: Egia, justizia eta erreparazio eskaerak egin dituzte eragile sozial eta politikoek

Egun hartako gertakariak gogora ekartzeko eta biktimak omentzeko asmoz, egun osoan egin ziren ekitaldiak, baina arratsaldean izan zen nagusia. Zaintza, oroimena eta borroka; zaindu gintuztelako zainduko ditugu lelopean, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek mobilizazio bat antolatu zuten 18:30ean, baina, ordu erdi lehenago, omenaldi bat egin zuten, Martxoak 3 elkartea buru zela. Bertsoekin ekin, eta irakurketarekin jarraitu zuten.

Nerea Martinez eta Leire Manzanos bozeramaileek Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorrera izan zuten gogoan. «Esan ziguten ezinezkoa zela sarraskiaren agertokia izandako eliza hau memoriaren espazioa bilakatzea, baina joan den astean biktimen oroimenezkoa eraikitzeko asmo protokoloa sinatu zuten». Hain zuzen, gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak akordio bat sinatu zutela zentro hori sortzeko, «egun hartako gertakariekin eta biktimekin duten zorra kentzen hasteko». Bozeramaileek, ordea, azpimarratu zuten urte hauetan guztietan lanean aritutakoen «konpromisoaren eta lanaren fruitua» dela, eta, Memoria Gara plataformak nabarmendu bezala, orain proiektuaren kudeaketa, diseinua eta edukiak «zehaztu» behar direla: «Guztion artean eraikiko dugu, ez izan zalantzarik».

Ikusi gehiago: Sarraski baten gaineko hamaika doinu

Elkarteko kideek Memoria Osoa mugimendua ere hizpide izan zuten. Hamahiru memoria elkartek osatutako plataforma bat da, eta memoria «integrala» dute helburu, bizikidetza eraikitzeko helburuarekin. Iazko abenduan eskatu zieten herritarrei lehendabizikoz Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren proiektua baztertzeko, besteak beste hainbat biktima ez dituelako gogoan hartzen. Zehazki, Espainiako Gobernuak Gasteizen eraiki nahi duen gune bat da. Hala, atzokoan ere eskaera berberari eutsi zioten: «Errefusatu dezagun zentro horren planteamendua baztertzailea, eta bultzatu ditzagun giza eskubideen urraketa guztiak gogoan izango dituen memoria integral bat; eraiki dezagun elkarbizitza, bazterkeriarik gabe».

Txistuaren soinuaz eta danbolinaren zein danborraren erritmoaz, dantzariak oin puntetan, fin, eman zion amaiera omenaldiari. Lore eskaintza ere egin zuten. Egun hartan hildako langileez gainera, gogora ekarri zituzten ondorengo protestetan hildakoak ere: Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan (Herrialde Katalanak) hil zuten, eta Vicente Antonena, Basaurin (Bizkaia). Martxoaren 3ko gertakarietako pertsonarik ezagunenetako bat ere gogoan izan zuten: Jesus Fernandez Naves. Urtarrilean hil zen.

Gaurko eta atzoko borroka

Bertaratu zirenek oihu eta txalo artean eman zioten hasiera manifestazioari; aurrealdean, Martxoaren 3 hartan hildakoen argazkiak, zuri-beltzean; atzealdean, pankarta nagusia, eta justiziaren aldeko aldarria. Hala ere, nork bere aldarria ere bazeraman, blokeak antolatu baitzituzten manifestaziora joateko; gazteena eta mugimendu sozialistarena, esate baterako. Ertzaintza ere gerturatu zen, eta, momentuz batez, gatazka sortu zen haien eta manifestari batzuen artean, eta errefortzuak bidali behar izan zituzten, baina mobilizazioak aurrera egin zuen, langile borrokaren aldeko oihuen artean.

Kanpai hotsekin batera sartu zen manifestazio burua Foru Plazan, eta sindikatuetako kideek hartu zuten hitza. Gaurko eta atzoko borrokak izan zituzten gogoan: «Borrokak bere horretan dirau; herri honek ez dio egun bakar batean ere antolatzeari utzi, ez eta kapitalismo izeneko pandemia mundialaren aurka borrokatzeari ere». Nabarmendu zutenenez, «kapitalismo heteropatriarkalak ankerkeriaz» jokatzen du hainbat pertsona zaurgarrirekin, eta hainbat eremutan du eragina. Zaintzaren arloa oinarri izan zuten: «Sistema honetan gehiago balio du torloju batek jendea zaintzeak baino; ez zaio inolako baliorik aitortzen lan horri; batez ere emakumeek egiten dute, eta nabarmenago, andre migratuek».

Egoerari irtenbide bat emateko, argi dute «orain inoiz baino gehiago» herritarrek elkarrekin egon behar dutela, eta borroka «kolektiboa» izan behar dela. Uste dute «kalitatezko zerbitzu publiko baten aldeko» urratsak egin behar direla, besteak beste pentsio eta lan baldintza duinak erdiesteko; funtsean, bizitzak erdigunean jartzeko aldarria izan zuten oinarri. «Gaurko borrokak datozen belaunaldientzako lorpenak dira; memoria gara, ondare antifaxista haren alabak, seme-alabak, bilobak gara».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. ©Raul Bogajo / Foku

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

 ©JAZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman

'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste, Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.