Nakba. Hileten eguna

Israelek bi pertsona hil ditu dolualdiaren hasiera behar zuen Nakba egunean

Milaka lagun elkartu dira astelehenean hildako 60 palestinarren hiletetan. Istiluak gertatu dira Gaza eta Israel arteko mugan

Palestinarrak Israelgo soldaduei aurre egiten, Nablusen.
Palestinarrak Israelgo soldaduei aurre egiten, Nablusen. ALAA BADARNEH / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko maiatzak 16

Gazako, Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko eskola, denda eta erakunde publikoak itxita egon ziren atzo, Nakbaren 70. urteurrenean. Israelgo Estatuaren sorrerak eragindako palestinarren zazpi hamarkadako erbestealdia gogoratzeko, besteak beste, Ramallahen eta Betleemen sirenak piztu zituzten, 70 segundoz. Horrez gain, PAN Palestinako Aginte Nazionalak greba orokorrera deitu zuen atzoko, eta hiru eguneko dolualdia ezarri zuen, herenegun Israelgo armadak hildako palestinarrengatik, AEBek Jerusalemen enbaxada ireki izanak sortutako protestetan. Guztira, 60 lagun hil zituzten astelehenean, baina ez da hor amaitu. Gertatutakoa salatzeko mobilizazioetan, beste bi palestinar hil zituzten atzo, tiroz, eta beste dozenaka zauritu.

Protestek eta Israelgo armadaren erantzunak 2014tik egoniko egunik odoltsuena eragin zuten Palestinan. Gutxienez, 60 pertsona hil zituzten Israelgo militarrek, horietako zortzi adingabeak —tartean, zortzi hilabeteko haur bat—, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Horiez gain, 2.700 zauritu baino gehiago eragin zituzten, 1.000 inguru balen ondorioz, eta 120 egonkor edo egoera kritikoan ospitaleratu zituzten. Halere, Israelgo Justizia ministro Ayelet Shakedek adierazi zuen atzo armadak «legearen barruan» jokatu zuela, eta adierazi hildakoetatik 24 «terroristak» zirela.

Atzo, milaka izan ziren astelehenean hildako palestinarren hiletetara agertutakoak. Ehunka izan ziren protestetan parte hartu zutenak ere. Ondorio kaltegarrienak Gazako al-Bureij errefuxiatu kanpamentuaren ekialdean —Israelgo mugatik gertu— eginikoak izan zituen, Israelgo armadak bi lagun hil zituen. Horiez gain, beste hainbat lagunek ere bala zauriak zituztela adierazi du Palestinako Wafa albiste agentziak.

Beste asko Israelgo armadaren eskuetan dauden kontrolguneetara agertu ziren. Israelgo armadaren esanetan, 1.400 izan ziren soldaduei aurre egin zietenak Zisjordanian, eta 400 inguru Gaza eta Israel arteko mugan. Ramallah kanpoaldean dagoen Beit El kontrolgunera berrehun lagun inguru bildu ziren, eta borrokak izan ziren manifestarien eta zmilitarren artean, Efe agentziaren arabera, eta gutxienez bost lagun zauritu zituzten, gomaz bildutako balekin. Ramallahekoa, ordea, ez zen protesta bakarra izan. Wafa agentziaren esanetan, manifestazioak egin ziren, besteak beste, Tubasen, Al-Birehen, Nablusen, Betleemen eta Hebronen ere.

Hebronen Israelgo armadak bi lagun zauritu zituen tiroz, Maan agentziaren arabera. Al-Birehen ere bizkarrean tiro bat jaso zuen palestinar gazte bat larri ospitaleratu zuten. Betleemen, berriz, gutxienez hamahiru izan ziren zaurituak, bat balaz. Ilargi Gorriaren arabera, beste 33 lagunek ere itolarria sufritu zuten hiri hartan, gas negar eragileek eraginda. Hainbat hiritan droneak erabili zituzten gasa isurtzeko.

Gutxienez 38 atxilotu

Bi egunen artean, gutxienez 38 lagun atxilotu dituztela salatu du PPS Palestinako Presoen Elkarteak, horietako hogei Jerusalem ekialdean eta gainontzekoak Zisjordanian. Halere, mobilizazioak ez ziren Palestinako lurretan bakarrik egin. Besteak beste, Israelen menpeko hainbat hiritan eta Libanon ere protestak egin zituzten, grebarekin bat eginez.

Martxoaren 30ean Nakbara begirako protestak hasi zirenetik ehun palestinar inguru hil dituzte Israelgo soldaduek, tartean haurrak. Israelek, berriz, ez du bajarik izan, ez zibilik, ez militarrik.

Diplomaziaren ekintzen bila

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna