DESADOSTASUNAK

2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Honako hauek dira AEBen eta Errusiaren artean gaur egun tentsioa eragiten duten auzi nagusiak:

Hegemonia

Bi herrialdeen arteko harremana zailtzen duen funtsezko auzia da. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik (1991), AEBak dira potentzia global bakarra. Errusiak, ordea, Europan eta Ekialde Hurbilean eragina zertxobait berreskuratu du, eta berriz ere talka geopolitiko bat sortu da Mendebaldearekin.

Ukraina

Washingtonen eta Moskuren artean tentsioa berpizteko abiapuntua izan zen Ukrainako gatazka. AEBek babestu eta sustatu zuten 2014an Viktor Janukovitx Ukrainako presidente errusiazalea indarrez boteretik kentzea. Horren aurkako erreakzioa babestu zuen Moskuk —Krimeak Ukrainatik banatu eta Errusiarekin bat egitea, eta Donbassko matxinada—, eta AEBek ordainetan zigorrak ezarri zizkion, eta Europa ekialdeko zenbait herrialdetara tropak bidali zituen haien gobernuek eskatuta.

Siria

Gerra hasi zenetik (2011) Errusiak Siriako Gobernua babestu du. AEBen jarrera aldakorragoa izan da. Gobernuaren aurkako «iraultza» babestu zuen hasieran, FSA siglapean jarduten zuten talde armatuak ondoren, eta EI Estatu Islamikoak kalifa herria deklaratu zuenetik (2014) kurduen milizien koalizioa. Zenbait liskar kenduta, biek babesten dituzten aldeak ez dira elkarren aurka gerran hasi.

Hauteskundeen ikerketa

Zehazki Donald Trump presidenteari eragiten dio ikerketak, eta garrantzi handia hartu du bi herrialdeen arteko harremanean. Inteligentzia agentzia batzuen salaketa bati jarraituz, Robert Mueller fiskalak ikergai du Kremlinek AEBetako hauteskundeetan esku hartu ote zuen Trumpen alde, hautagai errepublikanoa mesedegarriagoa zitzaiolakoan.

Zigorrak

Washingtonek Ukrainako gatazkaren ondorioz ezarri zizkion zigorrak Moskuri, baina orduz geroztik tentsiorako gai propioa bihurtu dira. Zigor ekonomikoak eta diplomatikoak dira, eta ehunka herritarri eta enpresari ezarri dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.