Koronabirusa

Kezka, ikasturtea nola finituko

Hiru astez etxean egon ondotik, aste hasieran eskolara itzuli ziren ama eskolakoak eta lehen mailakoak Ipar Euskal Herrian. Orain arte zuten protokolo bera dute, aldaketarik gabe.

Eskola sartzea egin zuten iragan astelehenean, Iparraldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Astelehenean berriz sartu ahal izan ziren ikasgeletara ama eskolako eta lehen mailako ikasleak. Martxoaren 31n, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak jakinarazi zuen eskola egutegi egokitu baten plantan jarriko zela. Aitzinera ekarri zuen «haurren hezkuntza arriskuan jarri gabe» birusari aurre egiteko asmoa. Izan ere, apirilaren 3ko astea etxetik lanean pasatu zuten eskoletako, kolegioetako eta lizeoetako ikasleek, eta Frantzia osoko udaberriko oporrak bateratu ziren.

Apirileko bakantzetatik geroz, protokoloa gutxi baizik ez da aldatu. Irakasleek astero bi aldiz etxera errezibitu behar zituzten autoprobak heldu den astean bakarrik ez dira iritsiko. Seaskako lehendakari Peio Jorajuriaren ustez, hertsapenak berak egon badira ere, eskolako langileei beti zaila egiten zaie haurrei osasun neurrien errespetaraztea. Jorajuriak eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskola publikoko zuzendariJessica Larrondek diotenez, neurriak egunerokoan eramatekoak dira: «Eskuak garbitu, haurren artean distantzia atxiki, taldeak ez nahasten utzi, maskak egun osoan jasan...».

Maiatza iritsi da, eta eskoletako urte bukaerak bi galdera dakartza: alde batetik, programak bururaino landu ahal izateko epea hurbiltzen ari da, eta, ikasleek kurtsoak etxetik berriz egin beharko balituzte, anitzek konplikatua ikusten dute eskolako gai guztien ikusi ahal izatea. Bestalde, usaian egiten ziren urte hondarreko bidaia eta ikusgarriek alde batera uztekoak dirudite. Halere, DDEC Irakaskuntza Katolikoaren Zuzendaritza Diozesiarreko eta Euskal Haziak elkarteko kide Xalbat Itzainak badu esperantza: «Malerusa bada ere, urte batez bizi izan gara birusarekin, eta usaia berriak sortu dira». Dudarik ez du irakasle eta haurrek «irudimen handia» dutela eta beste mota bateko ekitaldiak asmatuko dituztela.

Bigarren hezkuntza

Kolegio eta lizeoetako ikasleak etzi itzuliko dira ikasgeletara. Irakaskuntza «hibridoa» izanen da lizeoetan eta kolegioetan laugarren mailatik goiti; erdiak ikasgelan izanen dira, eta beste erdiak, distantzian. Maiatzaren 10etik goiti, autoproba bat egiten ahalko dute astero lizeoko ikasle guztiek, gurasoen baimenarekin. Azterketei dagokienez, brebeta eta baxoko azterketek atxikirik segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.