Kongresuko oposizioko alderdiek Garoña ixteko konpromisoa hartu dute

Oihan Vitoria -

2014ko abenduak 19
Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) ixteko asmoak batu ditu Espainiako Kongresuko oposizioko hainbat talde. Indar politiko guztiek —PPk, UPDk eta CiUk salbu— ez dute ontzat jo azpiegituraren jarduna luzatzea. Hitzez ziurtatu, eta idatziz jaso dute zentrala berriz lanean jartzearen aurkako konpromisoa. Helburu «irmoa» agertu dute, gainera, eta ohar argia egin diote PPri: Garoña itxiko dutela, hark gehiengoa galdu eta gobernura ailegatzerako.

Zentrala betirako bertan behera lagatzeko adierazpenari atxiki zaizkion alderdi politikoek deritzote Espainiako Gobernuak urte gehiagoz abian gura duela Garoña eta, hain justu, horregatik ari dela agendarekin jokatzen, kasua atzeratzen: «Zentralaren iraupena 60 urtera arte luzatzeko xedea du eta». Nuclenor enpresa jabeak ere 2031ra arte gura du martxan. PPren gobernuari zentral nuklearren iraupenaren gaineko hitzarmena «apurtu» nahi izatea egotzi diote adierazpena sinatu duten alderdiek; itunean adostua dute zentralen iraupena, gehienez 40 urtekoa izan daitekeela zehaztuz.

Hitzarmenaren aurkezpenean, PSOEko diputatu Luis Tudancak azaldu du «argi» geratu dela zentrala ez dela «premiazkoa» Espainiako sare elektrikoarentzat, geldirik daramatzan bi urteetan haren faltarik igarri ez delakoan.

Energia nuklearra bazter laga eta beste eredu energetiko baten alde egiteko premia nabarmendu dute idatzian. Zentrala ixteak garapen ekonomiko alternatibo bati bide eman behar liokeela adierazi du Tudancak: «Inguruko herritarrei etorkizuneko aukerak eskaintzeko istanta ailegatu da; baita zentrala eraistekoa ere».

Antzeko bidetik jo du EAJko diputatu Pedro Mari Azpiazuk. Segurtasun gabezia franko edukitzeaz gain, erreaktorea Fukushimako ezbeharra eragin zuenaren parekoa dela ere gogora ekarri du.

Asteartean, zehazki, bi urte bete ziren Nuclenorrek zentralaren jarduera etetea erabaki zuenetik. Orain, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua ari da egoera aztertzen, eta haren esku dago azpiegitura urte gehiagoz irekitzea posible den erabakitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna