Pentsio sistemaren krisia

Pentsioa kalkulatzeko sistema goitik behera aldatu nahi du Macronek

Eredu berria 2019. urteko udarako finkatu nahi du Frantziako presidenteak. Erretiratuak kalera atera dira, CSG zerga igo dietelako
Emakume erretiratu bat, osteguneko protestan, Parisen.
Emakume erretiratu bat, osteguneko protestan, Parisen. IAN LANGSDON / EFE

Iker Aranburu -

2018ko martxoak 18
Ipar Euskal Herrian 2019an iritsiko dira berritasunak pentsio sistemara. Eta Emmanuel Macronek esandakoari erreparatuz gero, ez dira txikiak izango. Frantziako Errepublikako presidenteak ziurtatu du utzi egin nahi diola oraingo sistemari adabakiak jartzeari, eta sistema berri bat ezarriko duela pentsioak kalkulatzeko.

Espainiako Gizarte Segurantzak bezalaxe, Frantziakoak ere defizita du. Aste gutxi barru zehaztuko dute zenbatekoa den, baina zahartzaroari dagokion atalarena 5.000 milioi eurotik gorakoa da. Gainera, kronikoa da, Espainiakoak ez bezala, ahaztua baitu zer den superabit bat.

Zulo hori estaltzen saiatzeko erreformak egin dituzte praktikoki gobernu guztiek, eta Macronena ez da salbuespena izango. Aurten egin nahi zuen, baina beste erreforma batzuekin lana pilatu zaiola-eta, 2019rako utzi du.

Erreforma sakona agindu du Macronek. «Amaigabeko krisi egoera honetatik atera behar dugu, non erreforma oro azken orduko aldaketa bat den finantza publikoak salbatzeko», iragan urtarrilean aurreratu zuenez. Kanpainan zehar, Macron hautagaiak agindu zuen gaur egun indarrean dauden 37 pentsio erregimenetatik bakarrera igaro nahi duela, «erregimen sinple eta ulergarri bat».

Puntukako sistema?

Erregimen horren berritasun nagusia izango da erretiratu baten pentsioa kalkulatzeko ez direla erabiliko hark jasotako soldata eta kotizatutako urteak. Horren ordez, bi sistema aztertzen ari da Frantziako Gobernua.

Bata puntutako sistema da: langileak puntu batzuk bilduko ditu bere lan bizitzan zehar, eta erretretara heltzen denean, puntu horiek euro bihurtuko dira, indize baten arabera. Antzeko sistema erabiltzen du sektore pribatuko pentsio osagarrien sistemak, Agirc-Arrcok.

Beste sistema bat nozionala deitutakoa da. Haren arabera, egindako kotizazioen arabera «kapital birtual» bat pilatuko du langileak, eta erretiroa hartzen duenean, erretiroaren adina eta bizi itxaropena aintzat hartzen dituen aldagai baten arabera bideratuko dute. Besteak beste, Suediak du antzeko sistema bat.

Macronek agindu du eutsi egingo diola gaur egungo sistemaren oinarriari: banaketa sistema bat izango da. Hots, aktiboen kotizazioek eutsiko diotela erretiratuen pentsioei. Baina ez da baztertu behar kapitalizazio sistema osagarri bati ere atea irekitzea, hau da, aktiboak bere dirua gordetzea erretreta hartzen duenerako.

Ikusteko dago zein izango den erreformaren ondorio orokorra, baina pentsatzekoa da langile gehienentzat pentsioak txikitzea ekarriko duela, horrekin baizik ez baitu bermatuko dirua guztiengana heltzea.

Sektore publikoan zer gertatuko den jada kalkulatu du Ifrap think tank liberalak eta ondorio kezkagarriak ditu administrazioarentzat lan egiten dutenentzat: batez beste, %21 txikituko dira pentsioak. Zergatik? Sektore pribatuan, pentsioa kalkulatzeko, langileak soldatarik handienak izan dituen 25 urteak hartzen dira aintzat; publikoan, berriz, azken sei hilabeteetako soldata —aparteko sariak kenduta—.

Macronek gehiengo zabala du legebiltzarrean bere erreforma inposatzeko, baina baliteke ez izatea hain erraza, erretiratuak ez dabiltzalako goxo presidentearekin. Aste honetan, milaka karrikaratu dira, Macronen beste neurri baten aurka. Urtarrilaren 1etik aurrera, CSG zerga 1,7 puntu emendatu diete haietako askori —labur esanda, 1.289 eurotik gorako pentsioa dutenei—. Hau da, beren pentsio gordinaren %6,6tik %8,3ra ordaintzen dute orain. Hor bildutako 4.500 milioi euroekin gizarte kotizazioak txikitu dizkie aktiboei, argudiatu baitu lehentasuna duela haien soldatak emendatzea.

Belaunaldien arteko elkartasun keinu bat dela ziurtatu du presidenteak, eta orain erretiroan dauden gehienak langabezia oso txikiko urteetan bizi izan direla. Argudio horiek ez dituzte asko konbentzitu, eta azken asteetan Eliseotik ateratzen den bakoitzean pentsiodun haserretuekin egiten du topo.
Iker Aranburu

Informazio osagarria