«Gasteizen gehiengo bat behar da hiri proiektuak martxan jartzeko»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gasteizko alkate moduan bigarren agintaldia amaitzeko urtebete falta dela, legealdiaren balantzea egiteko tartea hartu du Urtaranek. Aurrera begira, lehentasun argia du: hiriburua «jasangarriagoa» egitea. Hala ere, ez du argitu 2023ko udal hauteskundeetan alkategai izango den: «Gero gerokoak».

Osasun krisiaren ondorioz lehentasunak aldatu behar izan ditu udal gobernuak?

Zalantzarik gabe. Ongizatea eta osasuna lehenetsi ditugu, eta gainerakoa bigarren maila batean geratu dira. Beste lezio bat ere utzi digu izurriak: erakutsi digu gure herrien eta hirien modernizazio eta eraldaketa prozesuak bizkortu beharko ditugula, planetak dituen larrialdiei ahalik eta azkarrena erantzuteko.

Sektore zaurgarrienak babesteko zein neurri hartu dituzue?

Politikaren lehentasuna herritar guztien ongizatea bermatzea da, eta gizarte politiketan egin dugun ahalegina da horren adierazle. Adibidez, 2015ean etxez etxeko laguntzan 2,5 milioi euro gastatu genituen, eta orain 14 milioi bideratu ditugu. Sentsibilitate hori ezin dugu inoiz galdu; hori izan behar da bidea.

Krisi honekin nabarmen azaleratu da etxebizitzaren arazoa. Zein gogoeta egiten duzu?

Gasteizen etxebizitza bat alokatzeko egon daitezkeen arazo ekonomikoez landa, badago beste arazo larri bat: familia batzuek ezin dute merkatu librean etxebizitza bat alokatu. Lurzorua udalerri horretako herritarren ondarea da, eta, beraz, Jaurlaritza jabetu behar da etxebizitza babestuaren sustapenean lehentasuna izan behar dutela hor erroldatuta dauden pertsonek.

Azken urteotan, Gasteizen lurzoruaren kontsumoa asko handitu da. Ez al dago eredu jasangarri batekin kontrajarria?

Lurzoruaren kontsumoa handitzea ezin da izan lehen aukera. Badaude beste bide batzuk. Birgaitzean aukera on bat dago gure etxebizitza babestuak sustatzeko.

2030. urterako deskarbonizazio muga lortzeko Europako Batasunak aukeratutako hirien artean dago Gasteiz. Egingarria da?

Asmo handiko helburua da, ez da erraza izango, baina apustu sendoa egingo dugu lortzeko.

Noizko egongo da prest Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa?

Zentroaren estatutuak lantzen ari gara. Gure asmoa da proiektu hau ahalik eta azkarrena martxan jartzea.

Biktimek salatu dute orain arte ez dutela esku hartzeko era izan.

Zilegia da euren ikuspuntua. Zentro honetan biktimen tokia oso garrantzitsua da, eta izango dute beren parte hartzea, zalantzarik gabe. Proiektu hau aterako da denon artean, bestela ez da aterako.

Urtebete falta da udal hauteskundeetarako. Alkategai izango zara atzera?

Ikusi beharko dugu. Orain ez gaude horretan, ez alderdia, ez herritarrak... Orain udal gobernuan buru-belarri ari naiz lanean. Eta gero gerokoak. Ikusi beharko dugu zer esaten duten alderdikideek eta herritarrek.

EAJ eta PSE-EE gehiengo osorik gabe ari zarete gobernatzen. Traba ala akordio zabalagoak lortzeko akuilu da?

Gutxiengoan egoteak kalte egiten dio hiriari. Gasteizko Udalean gehiengo bat behar da, ez arrabola pasatzeko, hiri proiektuak martxan jartzeko baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.