Antimilitarismoaren garaipen txikia

Belgikan armak hartu ondoren, Saudi Arabiako ontzi batek Bretainian porturatzeko asmoa zuen arma gehiago hartzeko, baina, presioen ondorioz, kargamenturik gabe joan zen. Espainiara ailegatu zen atzo.

Yemengo gerraren aurkako protesta, asteburuan, Berlinen. ALEXANDER BECHER / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak Frantziaren aliatuak dira, eta aliatuak dira baita terrorismoaren aurkako borrokan ere. Horren ardura onartzen dugu». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den ortzegunean egin zituen adierazpen horiek Europar Kontseiluaren bilkuran. Saudi Arabiako Bahri Yanbu ontzia Bretainiako Le Havre hirian porturatzeko zain zegoen arma kargamentu bat biltzeko, eta presidenteak errotik moztu nahi izan zuen horrek sortutako eztabaida. Biharamunean, ordea, ontziak lurra ukitu gabe jarraitu zuen aurrera, eta Espainiara ailegatu zen atzo, Belgikan bildu zuen jatorrizko arma kargamentuarekin bakarrik. Frantziako Gobernuak ez du azalpenik eman horren zergatiaren inguruan, eta salmenta salatu zuten erakundeek garaipentzat hartu dute ontziak alde egin izana.

Saudi Arabia Yemengo gerran esku hartzen hasi zen 2015ean, hango matxino xiiten aurka. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gutxienez 6.800 zibil hil dituzte gerran, gehienak Saudi Arabiaren eta haren aliatuen bonbardaketetan. Alemaniak behin-behinean etenda ditu arma salmentak iazko urritik —Jamal Khaxoggi kazetaria Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsulatuan hil zutenetik—. Munduko bertze bi arma esportatzaile handik, ordea, Erresuma Batuak eta Frantziak, salmentekin jarraitu nahi dute.

Azken asteotan, eztabaida anitz gogortu da Frantzian, Disclose Interneteko hedabideak inteligentzia zerbitzuen agiri bat argitaratu ondoren. Agiri hori Khaxoggiren hilketaren ondoren egin zuten, eta Macron presidenteari, Edouard Philippe lehen ministroari, Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroari eta Florence Parly Indar Armatuen ministroari zuzendu zieten. Inteligentzia zerbitzuek aztertu zuten zertan erabili zituen Saudi Arabiak Frantziak saldutako armak, eta egiaztatu zuten Yemenen zibilak hil zituztela horietako batzuekin.

Kontratu gehienak François Hollandek egin zituen bere agintaldian (2012-2017), eta Macronek negozio horri eutsi dio. Genevieve Darrieussecq Indar Armatuen Estatu idazkariak duela astebete Asanblea Nazionalean erran zuen ez dagoela frogatuta Riadek zibilak hil ote dituen arma horiekin, eta ezkerreko alderdietako diputatuek alde egin zuten, protestan. Bahri Yanbu ontziaren asmoen berri jakiteak indar gehiago eman zion salmenten aurkako erreakzioari , eta ACAT Tortura Abolitzeko Ekintza Kristaua gobernuz kanpoko erakundeak auzitara jo zuen, salerosketa horrek NBEren hitzarmenak urratzen zituela argudiatuta. Auzitegiek ez zioten arrazoia eman, baina Bahri Yanbu-k Frantziako armak hartu gabe alde egin zuen. «Lezio bat izan da gobernuarentzat», adierazi zion Jean Paul Lecocq Bretainiako diputatu komunistak Reuters agentziari.

Espainian ere egin dituzte protestak Bahri Yanbu-ren kontra. Santanderko portua utzi zuen atzo arratsaldean, gobernuaren arabera, «zeremonia militarretarako» kargamentu bat hartuta.

Tentsioa Persiar golkoan

Europako estatu nagusiak bete-betean harrapatuta daude Ekialde Hurbileko tentsio giroan. Erresuma Batuak eta Frantziak armak saldu nahi dizkiote Saudi Arabiari, baina, aldi berean, negozioak egin nahi dituzte Riaden etsai den Iranekin ere; horregatik, Teheranekin egin zuten itun nuklearrari eutsi nahi diote. Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkaria Bruselan izan zen atzo, Europako liderrak iritziz alda dezaten konbentzitzeko. Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin lanean ari direla Iranekin merkataritza harremanak izateko «legezko bide bat» eraikitzeko.

Arabiar penintsula eta Iran bereizten dituen Ormuz itsasartean, berriz, tentsioa anitz hazi da azken egunotan, AEBek hegazkinontzi bat, Patriot misilak eta B-52 hegazkinak eraman ondoren Persiar golkora. Saudi Arabiak atzo salatu zuen herenegun «sabotajea» egin zutela bi petrolio tankeren aurka. Ez zion inori zehazki leporatu erasoa egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.