Arrauna. KAE 2 liga

«Negu guztia dugu jokoan!»

Donostiarra B izan da KAE 2 ligako garailea, bost bandera irabazita, eta KAE 1 ligan ariko da datorren udan. Bideratua zeukana lortzeko, baina, asko sufritu zuen Santoñako estropadan.

Donostiarra trainerua, sasoi honetan Castro Urdialesen irabazitako banderarekin. DONOSTIARRA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Harrobiko arraunlariez osaturiko taldea da Donostiarraren bigarren trainerua, eta, Aitzol Rojas arraunlariak (Donostia, 1996) dioen bezala, «zuzendaritzak hasieratik jarri izan digun helburua arraunlari gisa haziz joatea da, irabazteko inolako presiorik gehitu gabe». Hazkuntzaren bidean beste koska bat igotzeaz gain, baina, kirol emaitza paragabeak ere eskuratu dituzte Rufo Urtizberearen arraunlariek: bost bandera irabazi dituzte aurtengo KAE 2 ligan, txapeldun izan dira, eta datorren udan KAE 1 ligan egingo dute arraun.

«Ez genuen espero hainbeste lortzea», aitortu du Rojasek, «garaipenak lortzen saiatzea ere talde barruko asmoa izan arren». Saririk handiena lortzeko —igotzea, alegia—, pausoz pauso egin dute bidea udan: «Ondo hasi ginen, emaitza onak lortuz, nahiz eta banderarik ez astindu bosgarren estropadara arte. Dinamika onean sartu ginen, eta konfiantza handia irabazi genuen». Prestakuntzan, berez, ez ziren indartsuen egoteko garaiak hasierako estropada haiek: «Lan karga handia genuen, nahita, abuztuan gure onena emateko, eta arraunean egitea ere asko kostatzen zitzaigun hasierako estropadetan, baina, hala eta guztiz ere, emaitzak onak izaten ari ziren».

Prestakuntzak ekarri behar ziena abuztu alderako puntu-puntuan heldu zen, lau bandera irabazi baitituzte hilabete honetan: «Bete-betean heldu ginen abuztura». Atzetik aurrera egin zuen sailkapenean, lehen postuan oso sendo zegoen Camargo paretik kenduz. Lau punturen aldearekin heldu zen Donostiarra B azken estropada puntuagarrira, joan zen igandean Santoñan (Espainia) jokatu zenera, baina hutsa behar izan zuen ligarik eta igoerarik gabe geratzeko. Hiru puntu jan zizkion Camargok: «Eremu berria zen, kaleetara jokatu genuen, eta aldeak zeuden batetik bestera. Azken ziabogan, larri zeuden: «Buelta hartu, eta patroiak esan zigun: 'Neguan egindako lan dena daukagu jokoan!'. Halaxe zen. Tira eta tira, salbatu genuen ligako lehen postua».

Poza lehertu zen orduan traineru barruan, aurretik banderak irabaztean izandakoaren antzekoa: «Lehen aldiz irabazi dugu bandera bat aurten, eta sinetsi ezinda geratzen zara». Sinetsita egongo dira, honezkero, goiko ligan ariko direla datorren udan: «Motibatu egiten gaitu lanean jarraitzeko. Pizgarria da», esan du, eta, jarraian, argi utzi du zein duten helburu nagusia: «Lehen taldera igo nahi dugu, eta Donostiarraren egitasmo honek aukera ematen digu horretarako. Babes handia ari zaizkigu ematen zuzendaritzakoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.