Realak ez du huts egin Espanyolen aurka, eta 4-1 irabazi dio

Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ezin zuen huts egin, eta ez zuen huts egin. Realak 4-1 irabazi zion atzo Espanyoli Zubietan, Espainiako Lehen Mailako 19. jardunaldiko partidan. Emaitzak agerian uzten du bi taldeen artean dagoen aldea, eta, zalantzarik balego, sailkapenari erreparatu besterik ez dago: bosgarren postuan dago Reala, 29 punturekin; eta azkenekoan Espanyol, lau punturekin baino ez, eta partida bakar bat irabazi gabe.

Hala ere, ezin da esan Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldeak erraz irabazi zuenik. Horren erakusgarri da partida amaitzeko hogei minutu baino gutxiago falta zirela lehia oso irekita zegoela, Realak gol bakar baten aldea baitzuen: 2-1. Nahikari Garciak eta Nuria Mendozak sartu zituzten etxekoen bi golak, 33. eta 50. minutuetan, eta Raizak, bisitariena, 71. minutuan. Kennik eskura izan zuen binakoa, baina Adriana Nanclaresek zapuztu zuen. Arkonadak atseden eman zion Mariasun Quiñonesi, datorren asteazkenean Levanteren aurkako Espainiako Superkopako partidari begira—Barbara Latorrek ere ez zuen jokatu hasieratik—, eta atezain gaztea bikain aritu zen berriz ere. Sustoa pasatuta, Cecilia Marcosek hirugarren gola sartu zuen, 86. minutuan, eta Latorrek, laugarrena, 91. minutuan.

Athletic Coruñan ariko da

Athleticek, berriz, gaur jokatuko du. Norgehiagoka zaila izango du, Coruñan (Galizia) ariko baita, Deportivoren aurka. Galiziako taldea laugarren postuan da sailkapenean, Euskal Herrikoa baino bi koska gorago, hiru puntu gehiagorekin, eta partida bat gutxiago jokatuta.

Inon indartsua baldin bada, hori etxean da: ez du galdu, eta hemezortzi puntutik hamasei lortu ditu. Bertan jokatu dituen azken lau partidak irabazi ditu. Beraz, erronka zaila du Angel Villacampak entrenatutako taldeak. Aurkariaren ahalmenaren jakitun dira zuri-gorriak: lehen itzulian Lezaman jokatutako partidan gertatutakoari erreparatu besterik ez dute: 0-2 nagusitu zen Deportivo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.