PSG eta Bayern Munich aurrez aurre gaur, finalean

Frantziarrek eta alemaniarrek ez dute galdu sasoi honetan Txapeldunen Ligan. PSGk estreinako finala du; Bayernek bost titulu ditu

Bi langile, Txapeldunen Ligako kopa garbitzen. UEFA.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemia dela eta, Txapeldunen Ligaren lehiaketa sistema aldatu izanak ustekabe bat baino gehiago eragin du. Hala ere, denboraldi hasieran titulua irabazteko faboritoen artean zeuden bi taldek jokatuko dute gaur finala, Lisboan: Paris Saint-Germain eta Bayern Munich. Talde klasikoak dira biak ala biak, baina aldea dago baten eta bestearen artean Txapeldunen Ligan: Frantziako taldea lehen aldiz ariko da finalean; Alemaniakoak, ordea, 11. finala du; aurreko hamarretatik bost irabazi zituen, eta beste bost galdu. Duela zazpi urte izan zen azkenekoz txapeldun.

Ez batak ez besteak ez du galdu denboraldi honetan Txapeldunen Ligan, baina horretan ere bada alderik bien artean. Izan ere, Bayernek jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu: hamarretik hamar. Lau gol baino gehiago sartu ditu neurketako, eta bat baino gutxiago jaso. PSGk, berriz, zortzi partida irabazi ditu, bat berdindu, eta beste bat galdu. Alemaniarrek nagusitasun osoz gainditu dituzte kanporaketa guztiak: 7-1 Chelseari; 8-2 Bartzelonari, eta 3-0 Olympique Lyoni. Frantziarrek, ordea, gogotik sufritu zuten Borussia Dortmund eta Atalanta bidean uzteko. Alemaniarren aurka, itzulikoan irauli zuten kanporaketa (2-0), joanekoan 2-1 galdu eta gero. Italiarren aurka, berriz, azken unean: 2-1. Aldiz, estutasunik ez zuten pasatu finalerdietan Red Bull Salzburgo kanporatzeko: 3-0.

Orain arte erakutsi duen sendotasunagatik, Bayern Munich da faboritoa. Hans-Dieter Flickek entrenatutako taldeak ez du arrakalarik: atzean, bikain ari dira Alaba eta Davies; zelai erdian, Thiago; eta aurrean, Gnabry eta Lewandowski. Azken biak ikusgarri dabiltza: alemaniarrak bederatzi gol sartu ditu, eta poloniarrak, hamabost.

PSGn, berriz, erasoko jokalariak ari dira nabarmentzen guztien artean: Neymar, Di Maria eta Mbappe. Baina atzean pattal ari da. Orain arte, balio izan dio, baina ikusteko dago ea Bayernen gisako talde baten aurka balio dion.

Hiru euskal jokalari izango dira Lisboan: Javi Martinez eta Alvaro Odriozola Bayernen, eta Ander Herrera PSGn. Herrerak du aukera gehien jokatzeko.

PSG-BAYERN MUNICH
Paris Saint-Germain. Rico; Kehrer, Thiago Silva, Kimpembe, Bernat; Verratti, Marquinhos, Herrera; Di Maria, Neymar eta Mbappe.
Bayern Munich. Neuer; Kimmich, Boateng, Alaba, Davies; Goretzka, Thiago; Gnabry, Mueller, Perisic; eta Lewandowski.
Epailea. Daniele Orsato (Italia).
Lekua. Lisboako Da Luz estadioa.
Ordua. 21:00etan (Movistar Liga de Campeones eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.