KRITIKA. Musika Hamabostaldia

Organoa ataltzen

Arkaitz Mendoza -

2018ko abuztuak 10

Juan de la Rubia

Egitaraua: Jesus Guridiren Euskal Hamar Melodiak eta Johan Brahmsen 1go Sinfonia. Lekua: Donostiako Artzain Onaren Katedrala. Eguna: Abuztuak 8.

Donostiako katedraleko organotzarra guztiz ataldu zuen Juan De la Rubia gazteak. Orkestra bat zuen irudimenean, bai Jesus Guridi islatzeko, baita Johannes Brahms margotzeko ere. Musika Hamabostaldiaren eskaria izan zen Hamar euskal melodiak organorako birmoldatzeko enkargua, eta De la Rubiak aparteko dotoreziaz eskaini zigun Guridiren obra. Orkestrako haize egurrezko instrumentuen soinua fidagarritasun zoragarrian entzun zen organoan ezker eskuaren laguntza lauarekin eta inguratzailearekin. Pianoarekin alderatuta, organoak aukera gehiago eskaintzen dio musika jotzaileari tinbre eta espresiobide berriak nabarmentzeko, eta arlo horretan, De la Rubiaren lana txundigarria izan zen Guridirekin, nahiz eta askotan abiadura aldetik hitzemana bereziki moteldu dena ondo uler zedin. Bai erronda dantzak, bai maitasun pasarteak organoaren erregistro paregabeekin jorratu zituen, aukeraketa zehatz eta zuzen batek ekar dezakeen garaipena argi asko erakutsiz.

Bost teklatuetan eroso, esku bakarrarekin bi teklatu aldi berean jorratzeak musikaren etentasunean erreparatu zuela adieraziz, Castelloko (Herrialde Katalanak) organo jotzailea oso gustura izan zen instrumentuarekin. Guridi biluztu eta koloreztatu ostean, Sinfonia handi bat organo soinuekin eraldatu zuen. Emaitza ez zen guztiz aproposa izan, erregistroen kalitateak erromantizismo garairako fidagarritasun gutxirekin lotu zirelako. Hainbeste organo erromantiko ditugun lurralde honetako edozein instrumentuetan De la Rubiaren Brahms jarduna zirraragarri entzungo litzateke, baina katedraleko organoan harizko instrumentuen esana sakontasun faltarekin antzeman zen. Hori ez zen organo jotzailearen errua izan, eta eskainitako interpretazioan Andante sostenuto-k irabazi zuen, aldearekin. Kantari, patxada osoz, heldutasunaren konfiantzarekin eta sentiberatasun liluragarrian organoa guztiz edertu zuen De la Rubiak, une distiratsu ahaztezin baten irudi. Orkestra organoan sartuta, organoa orkestra amesten; elkarlotura fina, batetik ataldu, eta, bestetik, ataldu ezin daitekeena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna