urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Argizaiol bat piztu

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Egunotan irrigarri eta lotsagarri geratzen ari gara sare sozialetan kazetari eta kritikari bat baino gehiago. Zutabe honen sinatzailea ere ez da horretaz libratzen. Nork bota iritzia bizkorrago, nork pipertsuago. Baina bat-bateko txio horiek ez doaz inora.

Bestelakoa da oso sortzaile baten barnean argizaiol bat pizten denean. Burmuinean eta izatean ideia bat topatzea, aurkitzea edo izatea, eta sakonean garatzea, pantaila handi batean argizaiolaren su guztia pizten den arte. Hala izan zen Maider Oleagaren kasuan: Donostiako Fermin Kalbeton kaleko etxe batean bizitzen hasi eta jabeak esan zionean bertan Elbira Zipitriak ikastola klandestinoa eratu zuela. Zazpi urtez landu zuen Oleagak Muga deitzen da pausoa (Zinemira). Emaitza aberatsa eta aberasgarria da, forma eta eduki aldetik. Joan den larunbatean, Kontxita Beitia andereñoak —Zipitriaren lagunak— esan zuen sei aldiz ikusi duela filma, eta sei pelikula ikusi dituela. Izan ere, berriro ikusteko gogoa ematen duen horietakoa da dokumentala.

Oleaga, zazpi urtez Zipitriarekin. Eta Iban del Campo hamar urtez egon da Dirty Martini eta Tigger! New Yorkeko gauekoizarrekin lanean. Emaitza Glittering Misfits dokumental iradokitzailea da. Muga deitzen da pausoa-n barneratzea esperientzia bat da, eta gauza bera esan daiteke Glittering Misfits-en (Zinemira) inguruan, nahiz eta kontzeptu aldetik zerikusirik ez izan. Del Campo aztarka-maxtarka ibili da New Yorken, burlesque-a edo punk-rock berria filmatzen. Atera dio zukua. Kritika konprometitua ikusten da artista horien ikuskizunetan. AEBetako «sasi-demokrazia» salatzen dute. Une batean, Dirty Martinik hala esaten du: «Nire bizitza proiektu artistiko bat bezalakoa da».

Sare sozialetan gabiltzanok jabetu beharko genuke ez gabiltzala proiektu artistiko bat erditzen. Hori, zazpi urtez edo hamar urtez lan eta inspirazio askorekin landu daitekeen zerbait dela. Proposamen zinematografiko ausartei gutxieneko errespetuz erantzun behar diegula jabetu beharko genuke. Badaezpada, gogoratzea ez dago sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.