HILBERRIA. Doris Day

Garai bateko Hollywoodeko izarra itzali da

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Txikitatik izan zuen argi artista izan nahi zuela, zein diziplinatan ariko zen denborak esan bazion ere. Hollywoodeko zinema izar nagusietako bat izan zen 1950eko eta 1960ko urteetan, baina aspaldi aldendu zen kameretatik. Animaliakbabesteko bere fundazioari emana bizi zen azken urteotan, eta fundazioak jakinarazi zuen aktore eta abeslariaren heriotza, atzo. «Zeukan adinerako, osasun aparta izan du, berriki pneumonia larri batek jo zuen arte, heriotza eragin diona». 97 urterekin hil zen Day.

Cincinnatin (Ohio, AEB) jaio zen Doris Mary Ann Kappelhoff, 1922. urtean. Musika irakaslea zuen aita, eta musikarako zein dantzarako joera agertu zuen gazteak. 14 urterekin, dantza konpainia batekin bira bati ekin behar zionean, auto istripua izan, eta bere asmoa aldatu behar izan zuen. Kantu eskolak hartu, eta, 15 urterekin, Barnie Rapp orkestra zuzendariarekin hasi zen lanean. Haren gomendioz hartu zuen Doris Day izen artistikoa. 1945ean, Les Brownen taldera batu zen; orduan grabatu zuen Sentimental Journey kantu arrakastatsua.

Urte gutxira debutatu zuen zineman, Michael Curtizen Romance on the High Seas (1948) filmarekin. Bi hamarkadako ibilbide oparoaren hasiera baino ez zen izan, ondoren jokatu zituen rolek eta film horietako askotan interpretatu zituen abestiek izan bilakatu baitzuten. Calamity Jane (1953) eta Love Me or Leave Me (1955) filmatu ondotik, Alfred Hitchcoken zuzendaritzapean jardun zuen The Man Who Knew Too Much (1956) filmean, James Stewardekin —lan hartan kantatu zuen ¿Qué será, será? ezaguna—. Rock Hudsonekin bikotea osatuta, berriz, hiru komedia erromantikotako protagonista izan zen: Pillow Talk (1959), Oscar sarietako izendapen bat eta Urrezko Globoetako beste bat ekarri zizkiona; Lover Come Back (1961); eta Send Me No Flowers (1964). Beste hainbat lanetan ere egin zuen lan; guztira, 39 filmetan parte hartu zuen. Harik eta 1968an, hirugarren senarraren heriotzarekin, film gehiago ez egitea erabaki zuen arte. Dayk jakin gabe, bere diru guztia xahutu zuen senarrak, eta telebistarako kontratua ere sinatu zion; The Doris Day Show saioan jardun zuen 1968tik 1973ra, eta kameretatik ia erabat urrundu zen gero, animalien babeserako lanean aritzeko.

Bere ibilbidean inoiz ez zion utzi kantatzeari, ezta filmetan ere, eta You're My Thrill (1949) lehen diskotik azkenera bitarte —My Heart (2011), 89 urterekin plazaratu zuena— 600 kantu grabatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.