Literatura. 'Ekialde Hurbila. Muinak eta ertzak'

Ekialde Hurbila hurbilago

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek elkarlanean ondu dute Aleka bilduma, eta laugarren alea dugu Ekialde Hurbila: muinak eta ertzak. Askotariko kazetaritza lanak ditugu Alekan, aktualitatea sakontasunez jorratzea baita bildumaren asmoa. Hortaz, lehenik, argi utzi behar da Ekialde Hurbila ez dela saiakera bat, ezpada kazetaritza lan bat, erreportaje sakon baina arin batzuen bitartez Ekialde Hurbilaren muinetara jotzen duena.

Euskal Herriko hiru kazetari aditu bezain arituk osatu dute liburua, kazetaritzaren bitartez bertatik bertara ezagutzen baitituzte Ekialde Hurbileko gatazkak. Nork bere ezagutzatik adina idazten du bere eskarmentutik, eta iruditzen zait hori dela liburu honen arrakasta handi bat: hari mutur asko dituen gatazka korapilatsu baten analisia lekukotza pertsonalen gertutasunarekin uztartzea, betiere sentsazionalismoa saihestuz. Liburu osoan, potentzia handien interesen eta joko politikoen inguruko azalpenak berehala osatzen dira jende xehearen bizipen pertsonalekin, eta, hala, bi mutur horiek zein hertsiki lotuta dauden ikusten dugu. Horretan behintzat, oso liburu orekatua da.

«Horretan behintzat» diot; izan ere, gainerakoan, hiru egileek idazlan aski desberdinak ondu dituzte, hala edukian nola estiloan. Mikel Aiestaranek idatzia da lehen zatia, non Ekialde Hurbilari buruzko lerroburu nagusien herrialdeetara jotzen duen: Irak, Iran, Siria, Estatu Islamikoa eta Palestina. Muina bera. Muin potoloa oso, 50 orritan lantzeko behintzat; ziur aski horregatik, atal honek saihetsezina du laburpen bat delako sentipena. Nolanahi ere, ordainetan, primeran azaltzen du, herrialdeak kapitulu isolatutan banatu arren, guztiek elkarrengan duten eragina, ikusteko nolako sare konplexua osatzen duten.

Ane Irazabalek, bestalde, premisa askoz ere sinpleagoa du: Tunisia eta Egipto, 2011 inguruan lehertutako Udaberri Arabiarraren argitan. Irazabalek dikotomian azaltzen dizkigu bi kasuak, Udaberri Arabiar delako horren bi ondorio kontrajarri gisa. Horrez gain, eskertzekoa da Irazabal berariaz ahalegindu izana azalpenetan ikuspuntu feminista txertatzen, batik bat emakumeen mutilazio genitalari buruzko atalean. Halaber, iruditu zait primeran hautatu dituela lekukotzak, zeinek izugarri aberastu baitituzte jorratu dituen gai guztiak.

Azkenik, Karlos Zurutuzak «kondarrak» landu ditu, liburuaren aurkezpenean txantxetan esan zuen bezala. Mapen ertzetatik harago dauden herriei eskaini die arreta: kurduei, Afrika iparraldeko amazig herriari eta sahararrei. Gutxiengoei heldu die, hortaz, azaldu nahian nola eusten dioten estaturik gabeko nazio horiek beren herriari, erlijioen, hainbat estaturen interesen eta beste hainbat aldagairen bidegurutzean. Aipagarria da Zurutuzaren atalean hezkuntzak eta hizkuntzak pisu handia dutela, eta gainerakoek landutako perspektiba sozialari primeran erantsi dizkiola hizkuntzen eta kulturen iraupenaren inguruko kezkak eta borrokak.

Funtsean, hiru adituek kazetaritza lan aparta ondu dute, begirada eta ertz anitzez osatua, arina eta aztertzen dituen gizarteez ere mintzo dena, gatazka politiko soilez gain. Azken finean, lan ezinago aproposa Ekialde Hurbila gurera hurbildu eta gu Ekialde Hurbilera hurbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.